ELAk salatzen du Gipuzkoako Osasun Mentala enpresa pribatuen esku dagoela

2022/06/02
Zerbitzu honetan diharduten Gipuzkoako langile guztien %85 enpresa pribatuan daude, horietatik gehienak Arrasateko Aita Mennin. EAEko hiru herrialdeetako Gipuzkoa da osasun mentaleko ospitale publikorik ez duen bakarra. Hauexek dira ELAk gaur Donostian aurkeztu duen txostenaren datu nagusiak.

Osasun mentala negozio bihurtu da Gipuzkoan. Hala erakusten du ELAk osatutako txostenak. Izan ere, Osakidetzak kontzertazioak ditu Aita Menni, San Juan de Dios ospitalea, Domusvi-Sanatorio Usurbil enpresa pribatuekin... Nabarmentzekoa da Gipuzkoako sarean dauden langileen %54a Aita Menniren eskuetan dagoela. Ondorioz, Gipuzkoa da erdi eta epe luzerako egonaldiak dituzten EAEko osasun mentaleko ospitale publikorik ez duen lurralde bakarra.

Hori gutxi ez, eta azken hamarkadan aurrekontua gero eta murritzagoa da. Osakidetzak arlo horretara bideratutako inbertsioa %10 gutxitu du, eta, beraz, profesionalak eta inbertsioa falta nabaria da. Gipuzkoako Osasun Mentaleko zerbitzua Osakidetzak eskeintzen duen lehen arreta eta pribatizatuta dagoen egonaldi ertain eta luzeak dituen ospitaleetaz osatzen da. Horrek esplikatzen du aurrekontua kontuan hartuz gero, Arabako aurrekontuaren erdia eta Bizkaikoaren % 15 baino ez izatea Gipuzkoak. Hortaz, pribatizatuta eta multinazionalen esku dauden ospitaleek eskaintzen dute buru osasunari lotutako ospitaleratze zerbitzua, kontrol publikotik kanpo.

Guztira EAEko Osasun Mentalaren sarean 111 milioi euroko aurrekontua dago eta gutxien duena Gipuzkoa da, 11 milioi euroko aurrekontuarekin. Ez dago Osasun Mentaleko ospitalerik eta 166 langile publikoak daude.

Gainontzeko lurraldeekin alderatuz gero, Bizkaia da sare publikorik handiena duena. Bertan, 74milioi euroko aurrekontua dago ezarrita, 3 ospitale publiko daude (342 ohe) eta guztira 952 langile. Arabako sarea 384 langilek osatzen dute, ospitale publiko bat dago (175 ohe ditu) eta 26 milioi euroko aurrekontua dago.

 

Horrek guztiak lan baldintzen okertzea ekarri du, pandemiak are gehiago areagotuta. Aita Menniko langileen baldintzak horren adibide dira. Esaterako, Arrasateko ospitalean dauden pazienteen patologien artean eskizofrenia, psikosia eta kontsumo eta adikzioei lotutakoak daude gehienbat. Bada, hain oinarrizkoa den zerbitzu horretan, lan baldintzek okerrera egin dute azken urteotan, eta langileek gaur 31.greba eguna duten arren, enpresak ez du inolako borondaterik hitzarmena hobetzeko.

Nahiz eta Aita Menniko balantze ekonomikoak erakusten duen, ELAk aztertu ondoren, egoera finantziarioa ezinhobea dela: 2017tik 2020 bitartean 20 milioiko inbertsioak egin ditu eta inbertsioak areagotzeko plana aurkeztu du duela gutxi publikoki, 30 milioi eurotara igota. DomusVI taldearen kasuan, 22,3 milioi euroko irabazi gordinak izan zituen 2018an.

Behar eta atentzio berezia berezia duten pazienteak direla kontuan hartuta, egoera gogorrak bizi behar izaten dituzte langileek. Bertako langile batek ELAri adierazi dionez, Ospitaleko egonaldi luzeko unitate batean, paziente bat aulkiak botatzen hasi zen duela urtebete erizain-laguntzaileei. Une horretan, hiru langile zeuden unitatean eta egoera horri aurre egiteko, 17 profesional behar izan zituzten (protokoloek diote gutxienez 5 pertsona behar direla egoera hauei erantzuteko).

Kolpeak eta agresio fisikoak oso ohikoak dira zentru hauetan. Langileek euren osasuna arriskuan jartzen dute hainbatetan, eta enpresak lan segurtasuna bermatu beharrean lan kargak handitu eta murrizketa gehiago aplikatu ditu.

Baliabideak eta baldintzak

2020ko Osasun Mentaleko giza eskubideen egoerari buruzko txostenak dio inbertsio eta baliabide hornidura gehiago behar izango direla etorkizuneko osasun behar guztiei erantzuteko, eta horrek esan nahi du psikiatriako, psikologiako eta erizaintzako adarretan osasun mentaleko profesional espezialisten ratioa handitu beharko dela, zerbitzu duina eman nahi bada.

Osasunaren Mundu Erakundeak dio osasun mentala munduko lehenengo gaixotasuna izango dela 2030.urtean eta %2a bakarrik destinatzen dela horretara. Estatu mailan, berriz, 100.000 biztanleko sei psikologo omen daude, Europar Batasuneko media baino hiru gutxiago eta ospital publikoen %60ak bakarrik du atentzio psikologikoa.

Euskal Herrira etorrita ere, gero eta gehiago dira Osasun Mentalaren esparruan inbertsio eta baliabide gehiago eskatzen duten eragile sozial, politiko eta senideen elkarteak. Pandemiaren eraginez, asko areagotu dira buru gaixotasunak. Pasa den urtean suizidioak %27 igo ziren eta osasun mentaleko kontsultak %13a. Baina lehen esan dugun modura, Osakidetzak azken hamar urteotan Osasun Mentalea zuzendutako aurrekontua %10 jeitsi da.

Aita Menni ospitalean argi ikusten da pertsonal faltaren arazoa. Adibidez, Unitate psikogeriatrikoan guztiz dependienteak diren 44 erabiltzaile daude (gurpildun aulkian daude eta jateko laguntza behar dute). Arratsaldeko txandan 3 erizain laguntzaile bakarrik daude, eta erizain bakarra dago unitate hori eta beste bi zaintzen.

Hau guztia aztertu ondoren, ELAk honakoa eskatzen dio Osasun saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Osasun Mentaleko zerbitzuak kudeatzen dituzten gainerako instituzioei:

- Osasun Mentaleko sarea indartu eta aurrekontuak areagotzea, buruko gaixotasunak lehenetsiz eta pandemiaren ondorioz suertatu diren egoerei erantzuteko errekurtsoak ezarriz.

-Guztionak diren zerbitzu publikoekin enpresa pribatuek negozioa egiteari utzi eta Osasun Mentaleko pribatizatutako ospitaleak publifikatzea bertan gaur dauden langileen subrogazioa bermatuz.

- Gaur enpresa pribatuek zerbitzua ematen duten zentroetan ardura hartzea, eta bereziki 31 greba egun egin eta gero, Arrasateko Aita Menniko lan gatazkan esku hartzea, bertako langileen lan baldintzak Osakidetzako lan baldintzen homologazio baterantz bultzatuz.

 

Txosten osoa irakurri