ELAk salatzen du herrialde garatuenetako gobernuek klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeari uko egiten diotela

2012/12/12
ELAk salatzen du herrialde garatuenetako gobernuek klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeari uko egiten diotela
Dohan (Qatar) Nazio Batuen Klima Aldaketaren inguruko Gailurra bukatu berri da, COP18 deiturikoa. 2009tik, non Kopenhagen akordio lotesle bat sinatu behar zen, azken Goibilerek ez dute negoziazio prozesua luzatu besterik egin.

 

Kiotoko Protokoloa 2012ko abenduaren 31n iraungitzen da, eta dagoeneko hurrengo konpromiso epealdia adosturik egon behar zen. Baina data hau iristeko hilabete eskas falta zela, Dohako COP18an ez da anbizio handiko akordio loteslerik lortu, milagarren luzapena sinatu da. Ondorengo puntuetan laburtzen da sinaturikoa:

- Oraindik indarrean dagoen Kiotoko Protokoloa beste 7 urtez luzatzen da, 2020 arte, orduan sartuko baita indarrean Kiotoko Protokoloaren bigarren epealdia.

- Japon , Errusia eta Kanada bezalako herrialde kutsatzaileek, Kiotoko Protokoloaren parte zirenak, ez dute luzapena onartu, beraz hurrengo 7 urteetako konpromisoek mundu mailako emisioen %15ari bakarrik eragingo diote.

- Emisio eskubideen merkatua bezalako konpentsaziorako mekanismoak indarrean jarraituko dute.

- 2014 aurretik herrialde bakoitzak Kiotoko Protokoloaren bigarren epealdian, 2020tik aurrera eta 7 urteko atzerapenarekin, hartuko dituzten emisio murrizketa konpromisoak zehaztu behar dituzte.

- Herrialde garatuenek klima aldaketaren sortzaile nagusiak direla eta klima aldaketaren ondorioak gehien sufritzen dituzten garapen bidean dauden herrialdeekiko duten ardura onartu gabe jarraitzen dute. 2013 arte atzeratu dira garapen bidean dauden herrialdeei emisioak murrizteko, klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko eta ekonomia transformatzeko eman beharreko finantziazio fondoen negoziazioa.

Kontuan izanik Kopenhagen 2009an Kiotoko bigarren epealdirako emisio murrizketak jada zehaztu behar zirela eta epealdi hau 2013an sartu behar zela indarrean, zazpi urteko atzerapena daramagu. Klima aldaketa zain egongo ez den zazpi urte, konfirmazio zientifikoa gero eta handiagoa denean, herrialde eta pertsona ahulenek beste zazpi urtez klima aldaketaren ondorio izugarriak sufrituko dituzte: itsasoaren mailaren igoera, uholdeak, euriteak, lehorteak, gosea, migrazioak,... Baina badirudi ezbehar hauek ez zaizkiela axola herrialde garatuenei, arazo honetan beraiek duten ardura ere ez baitute onartzen.

Nazio Batuen Klima Aldaketarako Goibileraren beste porrot baten ondoren, ezin gara 2013an Varsovian egingo den COP19an beste luzapen bat adosteko zain geratu. ELAk berotegi efektuko gasen benetako murrizketak egiteko behingoz neurriak hartzea exijitzen du, tranparik eta konpentsazio mekanismorik gabe, eta klima aldaketaren sorreran ardura gehien duten herrialdeek herrialde ahulenen murrizketa eta ondorioen egokitzapena finantzatu dezatela eskatzen du.

ELAk krisi klimatiko, ekologiko, sozial eta ekonomiko honen irtenbide bakar bezala ekonomiaren benetako transformazioa defendatzen du, berotegi efektuko gasik isurtzen iz dituzten sektoreak indartu behar dira enplegu iraunkorrak sortzeko. Inoiz baino beharrezkoagoa da ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredua aldatzea, eta justizia sozialarekin egitea, beste modurik ez baitago krisi honetatik irteteko.