ELAk salatzen du Osakidetza desegitearen aldeko apustua egin duela Jaurlaritzak

2022/06/09
Osasun sailburuak, osasun publikoaren desegitea kultura aldaketatzat jo zuen atzo, eta herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuaren eta plantillaren lan-baldintzen prekarizazioaren alde egin zuen. Baita pribatizazioaren alde ere. Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk argi dauka ezinbestekoa dela osasun publikoaren aurkako eraso zuzen horri irmo erantzutea. Hori dela eta, biharko bilera deitu du eragile sindikalekin eta beste erakunde sozial batzuekin. "Ez dugu onartuko osasun publikoa bezalako oinarrizko zerbitzu publiko bat eraistea", azpimarratu du sindikatuak.

Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo Osakidetzaren berrantolaketari buruz egindako adierazpenak oso larriak dira. ELArentzat, ordea, ez dira berriak, urteak baitira hori salatzen dabilera, hau da, Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arreta desegiteko eta gainerako asistentzia mailak prekarizatzeko borondate argia duela salatu du sindikatuak behin eta berriz. Eta hori guztia pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasun aseguru pribatuen negozioaren bidean dela.

Erabateko demagogia eginez, sailburuak kultura aldaketatzat jo zuen murrizketak aplikatzeko asmoa, bai herritarrei eskaintzen zaien osasun arretan zein langileen lan baldintzetan murrizketak egongo direla esanda. Beraz, lehen erdizka kontatzen zena, orain argi eta garbi esan du. Gainear, zuzenean gezurrak diren edota hartutako erabaki politikoen ondorioz sortutako egoerak aitzakiatzat hartuta esaten ditu, kontzienteki eta nahita.

Lehen mailako arretari dagokionez, mediku faltaz hitz egiten du ezusteko kontua balitz bezala, eta, gainera, profesional gazteak kriminalizatu nahi dira, konpromiso eza dutela esanez edo oso anekdotikoak diren egoerak orokortuz. Adibidez, Sailburuak esan du nahierara egiten direla kontratuak kolektibo horientzat. Eta hori guztia neurri larriak justifikatzeko, hala nola, osasun zentroak ixtea edo, zuzenean, medikurik gabe jendearentzat irekita egotea.

ELAk argi du benetan gertatzen ari dela zera dela: Osakidetza prekarizatzeko neurrira egindako plana.

Familia medikuntzan belaunaldi erreleborik ez zela egongo jakina zen, orain dela 10 urte baino gehiagotik ezagutzen zen arazoa baita, eta ELAk behin eta berriz planteatu du. Hala ere, Osakidetzarentzat ez da lehentasuna izan, ezta Eusko Jaurlaritzarentzat eta EAJrentzat berarentzat ere. Behin eta berriz, BAME plazak Estatuaren eskumenekoak direlako adierazi dute aitzakia gisa, baina hori esan, eta ez dute inoiz gai hori Madrilgo Gobernuarekin aurrez aurre jarri nahi izan: esaterako, ez dute boto trukerako baldintzatzat jarri, jarri zezaketenean.

Hori guztia aurreikusitako egoera batean garela ari da gertatzen, bestela halako neurriak martxan jartzea oso zaila izango bailitzateke. Errealitate bakarra da medikuen falta aitzakia ezin hobea bihurtu dela Lehen Mailako Arreta desegiteko, ez baitago hori ez den plan alternatiborik.

Testuinguru horretan, eta behin eta berriz salatu dugun bezala, familia mediku gazteek ez dute lan egin nahi bertan lan baldintza eskasengatik: lan karga onartezinak, behin-behinekotasun sistematikoa, egonkortasun falta, zentro eta kupoaren etengabeko aldaketak, bateratzeko zailtasunak, eta abar. Onartezina da lanpostu horien estaldura falta justifikatzen saiatzea, hala nola esanez GKE batekin lankidetzan aritu nahi duten profesionalak daudelako. Prekarizazio hori gainerako kategorietan ere gertatzen da. Kasu horietan ez dago profesional eskasiarik, baina Osakidetzak ez kontratatzearen aldeko apustua egin du. Adibidez, lehen arretako administrazioko langileek jasaten dituzten lan baldintza eskasak horren adibide dira.

Egoera hori izanik, herritarrei adierazten zaie Lehen Mailako Arretako zentroak itxiko direla edo, zuzenean, erizainek bakarrik artatuko dituztela. Hau da, murrizketa horrek irisgarritasun txikiagoa ekarriko du, bereziki kolektibo ahulenei dagokienez, eta osasun arreta prekarizatuko du; izan ere, mediku gutxiago egongo badira, horietako bakoitzak pertsona gehiago artatu beharko ditu.

Hori gutxi ez, eta sailburuak atzo beste neurri bat iragarri zuen, Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera bezalako planteamenduak hobeto ulertzeko gako direnak: ospitaleen espezializazioarena. EAE osorako ospitale bakar batean eskaini nahi da arreta, pazienteak sistematikoki ospitale horretara jo dezaten, eta egungo asistentzia eskaintza murriztu nahi da, orain eskaintzen dituzten ospitaleetan zerbitzu horiek kenduta. Sailburuak atzo aurreratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak badaki neurri horien aurka egingo dela, Basurtun gertatzen ari den bezala, baina edozein modutan aurrera eramango ditu.

Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk argi dauka ezinbestekoa dela osasun publikoaren aurkako eraso zuzen horri irmo erantzutea. Hori dela eta, biharko bilera deitu du eragile sindikalekin eta beste erakunde sozial batzuekin. Ez du onartuko osasun publikoa bezalako oinarrizko zerbitzu publiko bat eraistea.

ERAGILEEKIN BILERA

10:00h

Bilboko ELAren egoitzan

Ekainaren 10ean, ostirala