ELAk salatzen du Pasaiako Portuko Agintaritza jasangarria eta beharrezkoa ez den kanpo portua eraikitzean tematu dela

2011/11/04
Pasaiako Portuko Agintaritzak (PPA) Ingurumen Iraunkortasun (IIT) Txosten berria onartu berri du eta horren aurrean ELAk salatzen du jarduera ekonomikoa eta biziberritzea bateratzen dituzten alternatibak egon arren PPAk kanpo portuaren alternatiba badia biziberritzeko alternatiba bakar bezala saltzean tematzen ari dela.

Ingurumen Ministerioak aurretik jakinarazi zuenez, kanpo portua eraikitzeak atzeraezinezko inpaktuak eragingo ditu, txosten berriak proposatutako neurri zuzentzaileekin ekidingo ez direnak. Ingurumen Ministerioak proiektua ekonomikoki defendaezina zela ere ohartarazi zuen, eta horrela izaten jarraituko du PPAk proiektu bera defendatzen jarraitzen baitu, inongo aldaketarik gabe, beraz alternatiba bideraezinenean ari dira tematzen.

Kanpo portua eraikitzeko beharraren justifikazioari dagozkien alegazioei erantzuteko etorkizuneko trafiko aurreikuspenak gehiago puztu dituzte. Aurkezten duten txosten bakoitzean beraien interesaren arabera aldatzen dituzte aurreikuspen hauek, hiritarrok konturatzen ez garelakoan, inozoak izango bagina bezala. Badia barruko portuan hobekuntzak egitea posible da, PPAk berak planteatu ditu txostenean, baina ez ditu burutzen ez zaizkiolako interesatzen, kanpo portuaren eraikuntzak gutxi batzuen interesei bakarrik erantzuten dielako.

Arrazoi hauengatik ELAk beharrezkoa ez den Pasaiako kanpo portua baztertzen jarraituko du, proiektua ez delako bateragarria Jaizkibelgo naturgune babestuarekin, ekonomikoki ez delako bideragarria, eta inguruko jendearen bizi kalitateak okerrera egingo duelako.