ELAk SEAri ohartarazi dio hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu greba gehiago egingo direla Arabako metalgintzan

2022/06/03
Arabako metalgintzako langileek egindako hiru greba egunak arrakastatsuak izan diren arren, SEAk sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du. Gaur izandako bileran, patronalak berretsi du sindikatuak direla aldarrikapenak murriztu behar dituztenak, eta uko egin dio ahozko eskaintzak idatziz jartzeari.

ELAk uste du sindikatuen plataformak babes sozial handia duela, eta ezinbestekoa dela 18.000 eurotik beherako soldatak dituen sektore baten prekarietatearekin amaitzeko. Arabakoa da Euskal Herriko lanaldi altuena duen metalgintzako hitzarmena, eta ez du subrogazio eskubiderik jasotzen. Honen bitartean, Arabako Metaleko enpresek lan karga eta etekin handiak dituzte.

Gauzak horrela, sindikatuak SEAri eskatu dio ekainaren 14ko bileran proposamen serio bat aurkez dezala sektorea duintzeko, sindikatuen oinarrizko aldarrikapenen ildotik. Bestela, ELAk, gainerako sindikatuekin batera, grebak eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du, Arabako metalaren sektoreko hitzarmena defendatzeko.