ELAk Sektorearteko Akordioa egingarria dela uste du, Confebaskek sektore eta enpresetako bake sozialaren baldintza baztertu ondoren
Urtarrilaren 10ean izango da EAE mailan Sektorearteko Akordioa negoziatzeko hurrengo bilera. Abenduaren 16an ELAk bere iruzkinak aurkeztu zituen Confebaskek mahairatu zuen testuari buruz. Akordioa nolatan da orain posible? Confebaskek ez duelako exijitzen sektore edo enpresetan izan litezkeen lan gatazkei uko egitea. Hots, ez du bake sozialik exijitzen.
-
Confebaskek 2011n eta 2013an “bake soziala” galdegiten zuen. 2013ko uztailaren 5ean aurkeztu zuen testuan honakoa esan zuen: “Negoziatzeko eremu berriak irekitzeko saioa, zein galdu izan zitezkeenak berreskuratzekoa (...) inola ere ez da gatazkagai izango”. ELAk inoiz ez luke onartuko akordio batek enpresa eta sektoreetan ekintza sindikala galarazi edo mugatzerik. Inposatzen den prekaritatea ezin da konpondu gatazkarik eta, behar izanez gero, grebara iritsi gabe.
Zer dela eta aldatu da Confebasken posizioa? ELAk bultzatu dituen Sektoreko Akordio Markoetan beste patronal batzuk agertu direlako, haren monopolioa zalantzan jartzen dutenak eta eduki hobeak adosteko prest daudenak.
Akordio marko horiek EAEko Merkataritzan (dagoeneko sinatua) eta Ostalaritzan (negoziatzen ari da) bultzatu dira euskal hitzarmenak aplikatuko direla bermatzeko. Negoziazio horietan beste patronal batzuk ageri dira, eta ondorioz Confebask gutxiengo bihurtzen da; haatik, Confebaskek ez du nahi beste ordezkari patronalek erkidego autonomikoan negoziazio kolektiboan duen monopolioa zalantzan jartzerik; monopolio horrekin lotuta doa finantzazio publikoa.
Sektorearteko Akordioak, iritsiz gero, euskal hitzarmenak, ez espainiarrak, lehentasunez aplikatzea bermatuko luke. Hauxe da “egitura-akordio” baten balioa. Besterik ez. Zergatik babestu behar dira? Patronala, CCOO eta UGT lan-erreformaz propio baliatzen direlako gure negoziatzeko aukera galarazteko. ELAk gogoratu nahi du bi sindikatu horiek Auzitegi Nazionalean izan duten jokabidea, patronalarekin batera guri negoziatzea galarazten zigun hitzarmen estatal bat defenditu baitute.
Zer ez luke babestuko? Patronalak blokeatuta dituen eremuak. Hitzarmen konkretuek aurrez zeuden arazo berberak dituzte. Blokeoak hor dirau, hain zuzen Confebasken eraginez, zeinak lasai asko honakoa aitortzen duen: “ametsetan ere ez genuen uste izango erreformek hainbesteko etekina emango zigutenik”, eta erreforma horiei esker “ez daukagu negoziatu beharrik”.
ELAk bereari eutsiko dio negoziazio-mahai horietan: soldata igoerak (ordainsarien pisua aberastasunaren banaketan asko murriztu da), prekaritatearen aurkako edukiak, lan-hitzarmenetan atzerapausorik ez izatea eta sinatu denaren alde bakarreko inaplikazioaren aurkako klausulak.
EAEko Sektorearteko Akordioaren berme juridikoak
Lan erreformak direla eta, euskal akordio edo hitzarmen batek Espainia mailako batekin talka eginez gero eztabaida juridikoa dago zein akordiok izango lukeen lehentasuna. Auzi hau garrantzitsua da: hain zuzen, erreformen xedea zen estatu mailakoek lehentasuna izatea. ELA honen aurka dago erabat, eta auzitara jo du (beharrezkoa balitz europar auzitegietara iristeko asmoz) euskal gehiengo sindikalok geure eremuan negoziatzeko eskubidea izan dezagun. Honek, noski, lan-baldintzei dagokienez berebiziko garrantzia du.
ELAk estatalizazioaren aurka ekin dion bakoitzean CCOOk eta UGTk Madrilen geure mugimenduak geldiarazten saiatu dira. Esaterako, Merkataritzako Sektoreko Akordio Markoa egin genuenean CCOO estatu mailako mahai sektorialera joan zenean bildutakoei honakoa esan zien: “badakizue zertara etorri garen hona: euskal Akordio Markoa suntsitzera”.
ELAk sukaldaritzako estatu mailako hitzarmenaren aurka auzitara jo du, berton negoziatzerik ez daukagula diolako; Auzitegi Nazionalean CCOOk eta UGTk patronalaren posizio bera hartu zuten: estatu mailako hitzarmenean eurek hemen negoziatzeko debekua ezartzen dutela.
Ostalaritzako Sektoreko Akordio Markoa
ELAk ostalaritzako akordio markoa negoziatzea bultzatu du, eta bere helburua zen akordioan kolektibitateen sektorea ere sartzea, berau miseria dakarren estatu mailako hitzarmen estatal baten eraginpean baitago. Kolektibitateetan orain kontratatzen ari diren emakumeei estatu mailako hitzarmena aplikatzen ari zaizkie, soldata %50 txikiagoa delarik. ELAren helburua da kolektibo honi Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ostalaritza hitzarmenak aplikatuko zaizkiela bermatzea da. Akordioa oso garrantzitsua da, ezinbestekoa milaka langilerentzat.
Negoziazio kolektiboaz Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ez dute axolarik
ELAk nabarmendu nahi du Sektorearteko Akordioa iritsita ere sakoneko arazo bat badela: Erreformek askatasun sindikaleko eta negoziazio kolektiborako eskubideari eraso egin diote oro har, eta bereziki euskal eremuan.
Zoritxarrez, ordea, 1994an ez bezala, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ez dute negoziazio kolektiboa berton izan dadin defentsa politikorik egiten. Arazo politiko honek konponbide politikoa izan beharko luke, baina auzi hau, euskal langileen lan-baldintzentzat funtsezkoa, ez dago agenda politikoan. Euskal eremuko negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko ekintza politikorik balego, ELAk aintzat hartuko luke, 1994an bezala.