ELAk Siemens Gamesako enplegu guztiak mantentzeko borrokatuko du

2017/11/08
Gaur enpresak jakinarazi du Euskal Herriko lantegietan kaleratzeak egiteko asmoa duela. Ez dute zehaztasun handirik eman, europar komiteari aurrez kontsulta bat egin behar diotela eta, baina enpresaren helburua da kaleratze horiek egiteko prozesu legalari ekitea. ELAk enpresaren jokabidea salatu nahi du: jendea kalean uzteko erabakiak eragin duen egoera kritikoan alde sindikalari ez dio informaziorik eman. ELAk ez ditu erabaki hauek onartzen, eta Euskal Herriko lanpostu guztiak mantentzearen alde borrokatuko da.

Duela hilabete batzuk Siemensek Gamesa erosi zuenean ELAk bere kezka adierazi zuen. Orduan esan genuen enpresaren eta bere hornitzaile sarearen etorkizuna zalantzan zegoela.

Uztailean honakoa esan genuen hitzez hitz: Ez da harritzeko modukoa Siemensek Gamesa erosteko baldintzak Alemaniako multinazionalaren aldekoak izatea. Tamalez, azken urteotan Euskal Herriko enpresak saltzeko joera nabarmena izan dugu, hastapenetan bultzada publikoaz abiatua, eta gero enpresa horiek atzerriko enpresen eskuetan geratu dira”. Gainera, ohartarazi genuen ere beste hau: Ez da gauza ziurra, bestalde, konpainiaren egoitza Iruñean edo Zamudion kokatuko den, Gasteizko Gobernuak ziurtzat eman zuena".

Tapia sailburuak argudiatu zuen ustezko enpresen bategite harekin Gamesaren "mundu mailako kokapena indartu" egin zen, atzerriko merkatuetan "aukera berriak" sortzen omen zirelako Gamesarentzat ez ezik baita Euskal Herriko beste enpresa batzurentzat ere.

Bestalde, enpresaren zuzendaritzak jakinarazi zuen orduko organigrama mantendu egingo zela eta aurrerantzean ere enpresak berton erroak izango zituela.

Haatik, hilabete gutxi igarota egiaztatu da Siemensek benetan Gamesa xurgatu egin duela, ez dagoela benetan fusiorik, eta multinazionalak Kontseilari Ordezkari berria izendatu duela, erabateko kontrola bermatzeko.

ELAren ustez premiazkoa da Iruñeko eta Gasteizko gobernuek ahaleginak egitea ziurtatzeko Gamesak eta Siemensek Euskal Herriko enplegua errespetatuko dutela. Orain ezin dira lasaitasun eta poz mezu faltsuak zabaldu; Gamesan eta bera hornitzen duten enpresetan lan egiten dutenen etorkizuna bermatu beharra dago.

Gaur enpresak jakinarazi du Euskal Herriko lantegietan kaleratzeak egiteko asmoa duela. Ez dute zehaztasun handirik eman, europar komiteari aurrez kontsulta bat egin behar diotela eta, baina enpresaren helburua da kaleratze horiek egiteko prozesu legalari ekitea. ELAk enpresaren jokabidea salatu nahi du: jendea kalean uzteko erabakiak eragin duen egoera kritikoan alde sindikalari ez dio informaziorik eman.

ELAk ez ditu erabaki hauek onartzen, eta Euskal Herriko lanpostu guztiak mantentzearen alde borrokatuko da. Instituzioek ere helburu hori beren gain hartu behar dute. Bada garaia zorrotz jokatuz eta argudio egokiak erabiliz enpresaren asmoa geldiarazteko. Gamesan eta enpresa hornitzaileetan lan egiten dutenen etorkizuna bermatu behar dugu.