NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA (2023)
ELAk sinatutako lan hitzarmenetan soldatak %6,5 handitu ziren; gainerako sindikatuek sinatutakoetan, %4,1

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOARI BURUZKO TXOSTENA
Hala azaldu du Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak. “ELAk sinatu dituen sektoreko hitzarmen guztietan 2012ko lan erreformaren kontrako neurriak jaso dira, baita akordioa aplikatuko dela bermatzeko neurriak ere; %86n KPIak erabateko bermea izango du; %53n lanaldia murriztu da, eta %60n prekaritatearen kontrako neurriak hitzartu dira”. Datuok Hego Euskal Herrikoak dira.
“2023an, 300.000tik gora langileren hitzarmenak berritu dira. 2022an, aldiz, 120.000 langilerenak. Gorakada handia izan da, batik bat sektoreko hitzarmenetan: 2022an 21 sinatu ziren, eta 2023an, 39. Gainera, bi hitzarmen handienak berritu dira, Bizkaiko eta Gipuzkoako Metalekoak”. Hitzarmen horietatik ELAk 15 sinatu zituen, baita enpresako 171 hitzarmen ere; guztira, 159.346 beharginei eman diete estaldura.
Lorpen horiek posible izan dira, batez ere, greba egiteko hautuaren ondorioz. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, ELAk %70,5ean deitu zuen greba. Gehien deitu duen bigarren sindikatua LAB izan zen (%29,5). Gatazken iraupenari buruz, Igeregik esan duenez, “soilik ELAk dauka grebei eusteko indarra: lanuzte egunen %80,54 deitu zuen; hurrengo sindikatua LAB izan zen, egunen %11,36 deituta. Izan ere, ELAk sinatu dituen hitzarmenen eta beste sindikatuek sinatu dituztenen arteko aldea grebei esker izan da”. Horretarako funtsezko faktorea erresistentzia kutxa da. 2024Ean, 1.389 euroraino handitu da.
Bestalde, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak nabarmendu du “zenbat eta greba gehiago egin, orduan eta hitzarmen gehiago eta hobeak. Horixe da 20 urteotako ondorioa. Zeharo lotuta daude greba kopurua, berritzen diren hitzarmenak eta edukien hobekuntza. Horregatik da ELA hitzarmenik onenak lortzen dituen sindikatua, greba gehien deitzen duena delako”. Negoziazio kolektiboko datuek berresten dute “ELAren estrategia baliagarria, egokia eta eraginkorra dela, batik bat sektore feminizatuetan, hau da, soldatak kaskarrenak diren eremuetan. Sindikalismo feministak aurrerapausoak lor ditzan konfrontazioa ezinbestekoa da”.
Lakuntzak azaldu duenez, “aberastasunaren banaketari dagokionez, birbanaketa soilik izaten da ekintza sindikalak negoziazio kolektiboan egiten duenari esker (grebak eginez). Tamalez, klase politikoan adostasun bat bada, ñabardurak alde batera utzita: inork ez ditu botere ekonomikoen interesak zalantzan jarri nahi. Urteotan, Euskal Herrian ez da izan akordio politikorik norabide horretan benetako urratsak egite aldera. Ez Gasteizen, ezta Iruñean ere”.
Nolanahi ere, Lakuntzak gogoratu du bezala, “ELAk eutsi egingo dio elkarrizketa, negoziazio eta akordioaren aldeko jarrerari, baina patronalak eta Administrazioek aurrerantzean ere KPI adineko igoerak emateko prest ez badaude, prekaritatea, soldata arrakalak eta halako errealitateak iraunarazi nahi badituzte, sindikatuak ez du hori ontzat emango. Hori gertatzen bada, grebak izango dira berriz ere. Eta grebak irabazteko gaitasuna badugu. Zergatik tematzen dira gu grebara bultzatzen?”.
Administrazioa eta sektore feminizatuak
Pello Igeregik azaldu duenez, “negoziazio kolektiboko hutsune nagusia sektore publikoan daukagu. 2010etik hona ez da hitzarmenetan akordiorik izan: EAEko eta Nafarroako administrazioak dira patronalik autoritarioenak. Urte hartan hasita dekretuz inposatu dituzte lan baldintzak”. Egia da 2023an “atea ireki dela hemen moldatzeko Espainiako aurrekontuetan ezartzen diren enplegu politikak, baina hori lortu bada, izan da EAEko sektore publikoan bi greba deitu direlako. Horregatik, ulergaitza da Nafarroan LABek administrazioetako grebei betoa ezarri izana”.
Sektore feminizatuei dagokienez, Mari Cruz Elkoro Zerbitzuak federazioko idazkari nagusiak esan du: “2023an berritu diren hitzarmenek 100.000 emakumerengan izan dute eragina; hala ere, kezkagarria da atzeratzen diren hitzarmen gehienak sektore feminizatuetakoak izatea, eta hitzarmenik ez duten kolektibo handienetan (etxeko eta klinika txikietako langileak) gehiengoa emakumeak izatea”.
Edonola ere, ELA izan da emakumeei hitzarmenen babesa kasu gehienetan bermatu dien sindikatua; berritu diren hitzarmenetan %43,19 emakumeak ziren, hau da, batez besteko %33 baino askoz gehiago. “Datu hori ez da nahikoa, baina”. 2023ko soldata igoerei dagokienez, “ELA oso harro dago sektore feminizatuetako lorpenekin. Gure sindikatuak sinatutako hitzarmenetan igoera %7,84koa izan zen; beste sindikatuek sinatu zituztenetan, berriz, %4,3koa”. Halaber, Elkorok azpimarratu duenez, “2023an berritu ziren hitzarmen batzuk urte luzez baztertuta zeuden sektore feminizatuetakoak izan dira (Bizkaiko arropa dendak eta merkataritza orokorra; Gipuzkoako garbikuntza eta arropa dendak). Gainera, Bizkaiko zahar etxeetako hitzarmena ere berritu zen, KPIz gaindiko 4 puntuko igoerarekin”.
ELAk datu hobeak lortu izana posible izan da sektore feminizatuetan egindako grebei esker: “Emakumeak gehiengoa diren 60 sektore eta enpresetako grebetatik 41 ELAk deitu zituen”.
2023ko urtekariaren aurkezpena
Iaz egin zuen bezala, ELAk iaz izandako garaipen sindikalak jasotzen dituen urtekaria plazaratu du. 2023An, 114 garaipen izan ziren, kasu askotan greba eta lan gatazken ondorioz eta milaka langile dituzten sektoreetan; haatik, izan ziren ere enpresa txikietan eta betidanik sindikalizatu gabeko lantokietan. Horrek erakusten du lan baldintzak edozein testuingurutan hobetzeko aukera dagoela. Argitalpen horretan bildu diren garaipenek irizpide ezberdinen arabera hartu dira aintzat: batzuetan lan baldintzen hobekuntza oso nabarmena izan da, beste batzuetan greba eta gatazken fruitu izan dira... Horregatik, ez dira jaso ELAk itxi dituen akordio guztiak. Urtekaria afiliatu guztiei bidaliko zaie postaz (103.000tik gora ale), eta sindikatuaren webgunean ere ikusi ahal izango da.