ELAk Sozietateen gaineko Zergan salbuespenik gabeko % 25eko gutxieneko tasa efektiboa eskatu du

2021/04/15
ELAk premiazkotzat jo du uda baino lehen erreforma fiskala abian jartzea EAEn eta Nafarroan, aberastasunaren gaineko errekargu edo zerga espezifikoak ezarriko dituen erreforma, egungo osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren beharrak arintze aldera. Hain zuzen ere, sindikatuak bi proposamen jarri ditu mahai gainean: alde batetik, Sozietateen gaineko Zergan gutxieneko tasa efektiboa eta salbuespenik gabekoa ezartzea, enpresek lortutako irabazien % 25 ordaintzeko, gutxienez; bestetik, Ondarearen eta Fortuna Handien gaineko Zergari % 1 eta 10 arteko errekargua aplikatzea, horrek aukera emango bailuke EAEn 2.000 milioi euro eta Nafarroan 500 milioi euro biltzea urtebetean. "Diru gehien duten pertsonek eta enpresek beren kapitalaren zati txiki bat ematea da helburua, COVID-19aren ondorioak arintzeko eta zerbitzu publikoei, gizarte-prestazioei eta abarri eutsi ahal izateko. Justizia kontua da", esan du Mikel Noval sindikatuko Azterketa Bulegoko arduradunak.

ELAk planteatzen duena dagoeneko beste herrialde batzuetan eztabaidatzen ari direla gaineratu du. Gogorarazi duenez, Nazioarteko Diru Funtsak berak proposatu du gobernuek elkartasun zerga berezi bat ezartzea errenta altuei eta ondareei. Era berean, Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak erreforma fiskalerako proposamena plazaratu zuen, Sozietateen gaineko Zerga nabarmen handitzeko. Gainera, aste honetan Espainiako Gobernuak batzorde bat izendatu du erreforma fiskala proposatzeko, Sozietateen eta Ondarearen gaineko Zergak handitzeko helburuarekin.

"Tamalgarria da Euskal Herrian horrelako neurririk planteatu ez izana", deitoratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ez ezik, bi erkidegoetako ezkerreko alderdiei ere mezu zuzena bidali die. "Oso esanguratsua da AEBetako Gobernuak ezkerretik aurrea hartu izana, ez bakarrik Eusko Jaurlaritzari eta Foru Gobernuari, baizik eta ezkerrari berari". Lakuntzak azpimarratu du horrek Euskal Herrian ezkerrak duen pultsu falta erakusten duela.

ELAk salatu duenez, Urkullu eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiek muzin egin diote sindikatuarekin biltzeari. Adierazi dutenez, Urkulluk baino ez du erantzun, beti ere, fiskalitatearen gaineko eskumenik ez duela alegatzeko. Sindikatuak azpimarratu du hori ez dela egia; izan ere, Zerga Koordinaziorako Organoan, non zerga-neurri guztiak eztabaidatu behar diren, Eusko Jaurlaritzak parte hartzen du, modu garrantzitsuan gainera. "Jarrera demokratiko falta iruditzen zaigu herrialdeko agintari nagusiek sindikatu nagusiarekin biltzeari uko egitea politika fiskalaz hitz egiteko", salatu dute. "Euskal Herrian ez dago benetako espaziorik gai garrantzitsuei heltzeko. Gure gobernuak eta erakundeak patronalaren eta enpresen menpe daude. Horren erakusgarri da Nafarroan oraindik dugun fiskalitatea, Barcinak 2015ean utzi zuen berbera", azpimarratu du Lakuntzak.

ELAk denbora luzea darama egungo zerga-sistemaren bidegabekeria salatzen, baita diru-bilketa Europar Batasuneko beste toki batzuetan baino askoz txikiagoa dela errepikatzen ere. Horren adibide da EAEko enpresa nagusiek Sozietateen gaineko Zergan irabazien % 7,6 soilik ordaintzen zutela jasotzen zuen txostena.

Hori guztia dela eta, informazio-orri bat prestatu du sindikatuak, datozen hilabeteetan modu masiboan banatuko dena, Hego Euskal Herrian ere politika fiskala aldatzeko.