ELAk suhiltzaile helitransportatuen talde finko bat sortzea proposatu du Nafarroan, suhiltzaile propioekin, sute handien aurkako eraginkortasuna areagotzeko

2022/06/24
Sindikatuak Gobernuaren aurreikuspen falta kritikatu du, eta berez nahikoak ez diren LEPen promesak ere ez betetzea, horrek parkeak beti gutxieneko langileekin funtzionatzea eragiten du. Klima aldaketak eta mendietan dagoen erregai bolumenak pentsarazten dute horrelako egoerak berriro gerta daitezkeela. Ondorioak atera eta zerbitzua hobetzea beharrezkoa da.

Nafarroak azken egunetan jasan dituen suteak itzali ondoren, ELAk uste du beharrezkoa dela balantzea egitea eta ondorioak ateratzea. Klima aldaketaren ondorioz, gero eta muturreko tenperatura eta lehorte handiagoak daude, eta horrek, mendietan dagoen erregai bolumen handiarekin batera, horrelako egoerak errepika daitezkeela pentsarazten du.

ELAk Nafarroako Gobernuak protokoloak beranduegi martxan jarri izana eta uzta biltzeko debekua berandu egin izana kritikatzen du. Gainera, ez dago suhiltzaileetan baliabide material eta pertsonal nahikorik: parkeak gutxieneko langileekin funtzionatzen dute normalean, eta LEPera aterako zirela agindu ziren plazak (berez gutxiegi direnak) ere ez dira betetzen ari. Baliabide materialak eta giza baliabideak falta dira, eta hori onartezina da. ELAk urteak daramatza salaketa hori egiten, eta, zoritxarrez, egoera tamalgarri honetan hala egiaztatu da.

Bestalde, ELAk uste du horrelako egoeren aurrean erabakiak hobeto hartu behar direla: koordinazio falta egon da suari erasotzeko orduan, zeregin hori dutenak suaren lekutik urrun egon direlako. Horren ondorioz, kaboek (baldin bazeuden) edo suhiltzaileek beraiek erabaki behar izan dute suteak itzaltzen saiatzeko estrategia. Koordinazio falta horrek lan ez hain eraginkorra eta suhiltzaileentzako arrisku handiagoa dakar.

Horregatik guztiagatik, ELAk honako hau proposatzen du:

  • Baliabide materialak eta giza baliabideak handitzea

  • Suhiltzaile helitransportatuen talde finko bat sortzea urte osorako. Talde horren sorrerak baliabide eta langile propio eta nahikoak izan behar ditu, eta horretarako plantilla handitu behar da. Gaur egun, brigada udako kanpainarako baino ez da, eta beste parke batzuetako langileez elikatzen da.

  • Protokoloak berrikustea, erabakiak ezbeharretatik hurbil har daitezen eta koordinazioa hobe dadin; horrek eragina du lan eraginkorrago eta seguruagoan.

  • Lanean ari diren suhiltzaileen atseden eta txanda protokoloak berrikustea, lan ordu asko igaro ondoren istripuak izateko arriskua handitzen baita, eta NBEak eta jantekoak eta edatekoak hornitzeko protokolo bat ezartzea.

  • Ekipamendua berrikustea eta hobetzea. Suhiltzaile boluntarioena ere bai, ez baitute profesionalekin batera lan egiteko material egokirik.

Azkenik, suhiltzaile, basozain eta suteen aurka borrokan aritu diren gainerako pertsona guztiek egindako lan handia aitortu nahi du ELAk, nekazariek egindako lanari aipamen berezia eginez.