ELAk sukaldaritza kolektiboko lan-hitzarmen estatalaren aurka jo du

2016/07/20
Uztailaren 18ko datarekin ELAk Auzitegi Nazionalean demanda bat sartu du Sukaldaritza Kolektiboko I. Lan-Hitzarmena inpugnatzeko, FEARS patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen aurka -hitzarmenaren sinatzaileak izanik-, askatasun sindikaleko eta negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Inpugnatu den hitzarmenak agerian uzten ditu estatalizazioaren ondorio kaltegarriak: EAEn eta Nafarroan bertoko ordezkaritzarik handiena duten sindikatuei galarazi egiten die negoziazio kolektiboa, eta langileen baldintzak zeharo okertzen ditu. Hain zuzen, argigarria da Bizkaiko kasua: kolektibitateetako langileei estatuko hitzarmena ezartzeak soldatan %50eko galera eta lanaldia %50 luzatzea dakarkie, orain aplikatzen ari zaien Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmenaren aldean. 

ELAk berresten du negoziazio kolektiboaren estatalizazioa lan-baldintza urriagoak ezartzeko baliatzen dela. Horregatik, sindikatuak iragarri zuen moduan, egoki irizten dien ekinbide guztiak hasiko ditu, auzitegietakoa barne, patronalaren, CCOOen eta UGTren interesen araberako estrategia hau geldiarazteko. Halaber, ELAk Gasteizko gobernuaren jokabidea nabarmendu du, hitzarmen txar hauetaz baliatzen baita bere ardurapeko esparruetan lan-baldintzak okertuaz aurrekontuak doitzeko.

Salatzekoa da CCOO, UGT eta patronalak Zapateroren erreformaz egin duten erabilera, euskal gehiengo sindikalek -direnak direla ere- zer eta non negoziatu nahi duten erabakitzeko aukerarik izan ez dezaten. Estatalizazioaren alde egiteak, estatua ez den beste eremu batzutan negoziazio kolektiborako eskubidea ukatuaz, patronalari erraztu egiten dio hitzarmen negargarriak ezartzeko aukera, eta finkatuz gero, langileak prekaritatera zigortzen ditu. CCOOen eta UGTren erabaki hau bat dator, bestalde, Espainiako Bankuaren estrategiarekin, izan ere, bi esparru besterik ez geratzea baitu helburu: estatukoa, merkatu espainiarraren batasuna bermatzeko, eta enpresakoa, eremu honetan enpresek eskatzen duten malgutasun guztia lortzeko.

Halaber, ELAk euskal indar politikoei jakinarazi die aberastasuna banatzen lagungarri diren tresnarik gabe euskal autogobernua hutsala dela: ez dago autogobernurik negoziazio kolektiborik gabe, ezta lana duintzeko eta aberastasuna era justuagoan banatzeko hitzarmenak baliorik gabe utziz gero ere.