ELAk testu bat proposatu du Ostalaritzaren esparru-akordiorako

2016/12/19
Testu hori onetsiz gero, Sukaldaritzaren Estatu Hitzarmenak ez du gehiago aplikagarritasunik izango Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe pribatuetako eta enpresetako sukaldaritza kolektiboko enpresetan.

2011ko negoziazio kolektiboaren erreformak, Zapateroren gobernuak onetsitakoak, besteak beste, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ekarri zuen. Ordutik hona, estatu-esparruko CCOO eta UGT sindikatuen eta patronalen eskutik estatu-hitzarmenak ugaldu dira, lehenago horrelakorik izan ez den sektoreetan. Hitzarmen horiek mugatu dute, baita eragotzi ere zenbaitetan, beheragoko esparruetako hitzarmenak negoziatzea. Hori eraso zuzena da EAEko langileen negoziazio kolektiboaren eskubidearen aurka, hemengo langile gehien-gehienek ELA hautatu baitute demokratikoki hauteskunde sindikaletan.

Ostalaritza sektorearen kasua agerikoa da oso. 2016ko hastapenetan estatu-sukaldaritzaren hitzarmen bat argitaratu zen, eta haren bidez ezarritako lan-baldintzak hemengo hitzarmenetakoak baino dezente apalagoak ziren: soldatetan %50eko jaitsierak ekarri eta beheragoko esparruetan negoziazioa eragotzi. Horren aurrean ELAk EAEko Ostalaritzaren Esparru Akordioaren negoziazioa abiarazi zuen, EAEko hiru lurraldeetan ostalaritza-hitzarmenen aplikazioa bermatzearren.

Zenbait bilera egin ostean, gaur, abenduak 19, EAEko Ostalaritzaren Esparru Akordioaren mahaia eratu da. Bileran ELAk aurkeztu duen testuan aurrerapen handia nabari da:

  1. Akordioak aurrera-eragin mugagabea izango du, horrela estatu-hitzarmenen aurkako babesa betiko izango da.

  2. Gaurko egunean indarrean dauden probintzia-hitzarmenei eta gerora sinatuko direnei aplikazio-lehentasuna aitortu zaie.

  3. Kolektibitateen sektoreari dagokionez, testuaren arabera probintzia bakoitzeko azken ostalaritza-hitzarmenek eta ordeztuko direnek izango dute zuzeneko aplikazioa, indarrean egon edo ez egon. Testuak, gainera, bide ematen du geroan EAEko sukaldaritza-sektoreak bere negoziazioa izan dezan.

ELAk, sektoreko ordezkaritzaren %47 daukanez, dei egiten die esparru-akordioaren negoziazioko mahaikide guztiei patronaleko alderdikoei eta sindikatuetako alderdikoei testuari oniritzia emateko, negoziazio kolektibo hurbil eta loteslean aurrera egiteko, eta estatu-hitzarmenak sukaldaritza-sektoreko langileei ekarri dien prekarietatea errotik kentzeko.