ELAk Tomas Madinaren kontrako operazioa salatzen du
Operazioa, gainera, gauez eta ikaratzeko helburuarekin egin da, etxebizitzako atera botaz eta bere bikotea eta euren seme-alabak kalera atereaz. Eta hori guztia bizitza publiko normala eta ezaguna egiten duen pertsona bat atxilotzeko.
Jarduteko modu honek oinarrizko printzipio demokratikoenak urratzen ditu, eta horrelako operazioen txalotze politikoak zein mediatikoak Francoren diktaduraren garairik gogorrenetara itzularazten gaituzte.
ELAk atxilotutako pertsona inkomunikazio egoeran egotea salatzen du, defentsarako duen eskubidea urratuz. Gainera, zigorgabetasun esparru bat sortzen du, eta Nazio Batuen Erakundeko kontalariek behin eta berriz salatu dutenez, torturaren eta tratu txarren aurrekaria da hori maiz Espainian.
ELAren ustez Espainiako Gobernuak zera erabaki du: konponbide politiko eta birsorkuntza demokratikoaren aldeko herritarren mobilizazio garai bat errepresio ez-gizatiar eta antidemokratiko batengatik ordezkatzea. Horregatik, ulertzen dugu ezinbestekoa dela era honetako bidegabekeriak salatzeko mobilizatzea.
ELAk, azkenik, Tomas Madinaren senideei eta Sortu alderdiari bere elkartasuna adierazi nahi die, erakunde horrek Galdakaon duen koordinatzailea baita Madina.