ELAk UGT, CCOO eta CENi azalpenak eskatu dizkie Lan Epaitegiko presidente CAN kasuan auzipetuta dagoen pertsona bat izendatu dutelako
ELAren ustez eskandaluzkoa da Nafarroako Lan Epaitegiko (NLE) presidente gisa Alberto Pascual aho batez izendatzea, hau Caja Navarra kasuan auzipetuta baitago “diruaren bidegabeko erabilera, iruzurra eta faltsutzea” egin izanaren akusaziopean.
Hasteko, Pascual uneotan auzipetuta dago, hots, bera izendatu dutenek ez dute bat ere konturik izan, prozesua epai batez bukatu arte itxaroteko tarterik ez baitute hartu.
Bigarrenik, zalantzazkoa da, gutxienik, erakunde hau gidatzeko pertsonarik egokiena ote den, izan ere, NLEan objektibo izatea, independentzia eta zintzotasuna ezinbesteko baldintzak izan beharko bailirateke. Gogoratu beharra dago Pascual ez dela “neutrala”, bere lanean patronala ordezkatu izan baitu eta Caja Navarrako zuzendaritzan ere jardun baita, finantza-erakundea pikutara eraman zuten arduradunen taldean.
Horregatik, UGTk, CCOOek eta CENek azalpenak eman behar dituzte zein datu duten honelako ibilbidea duen norbait kargu horretarako egokiena dela uste izateko. UGTk eta CCOOek babestutako izendapen honi esker ulertzen da zergatik sindikatu horiek beste aldera begira jarraitzen duten ustelkeria kasuetan, esaterako Caja Navarrako dietena; haien isiltasuna oso nabarmena da.
ELAk nabarmendu nahi du erabakiok agerian uzten duela datu bat: Alberto Pascual “euretako bat” da; halaber, Caja Navarra hondamendira eraman zutenak birkolokatzeko lankide dira UGT eta CCOO, betiko eliteentzako eta boterea duten sektoreei mesede egitearren.