ELAk, UGTk eta LABek patronalen blokeoa salatzen dute Nafarroako adinekoen egoitzen sektoreko hitzarmenean

2022/09/30
ELAk, UGTk eta LABek patronalen blokeoa salatzen dute Nafarroako adinekoen egoitzen sektoreko hitzarmenean
Patronalen blokeoa eta Nafarroako Gobernuaren pasibotasuna ikusita, ELAk, UGTk eta LABek mobilizazioekin jarraituko dute, Nafarroako egoitzetako lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzuaren alde

Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko sindikatu nagusiek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu zieten patronalei eta Nafarroako Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honek balio behar du Nafarroako 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko, 70 zentro baino gehiagotan banatuta. Lan baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatzen da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun eta babes neurri eraginkorrak, sektorean putre funtsak mugatu eta eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Atzo, irailak 29, hitzarmenaren negoziazio mahaia bildu zen, eta patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute; beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute, lan baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Aurretik jarri behar dira artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak, patronalen interes ekonomikoen gainetik. Patronal horien jarrera hain da lotsagabea, ezen, haien ustez, artikulu zailenetarako proposamenik gabe aurkezten baitira bileran eta, gainera, patronal horiek beraiek hartu zuten aurreko bileran ekartzeko konpromisoa.

ELA, UGT eta LAB sindikatuek iritzi publikoari adierazi nahi diote ez dutela ulertzen CCOOren estrategia, alde bakarretik erabaki baitu gainerako gehiengo sindikalaren mobilizazioak ez babestea eta duela urtebete baino gehiago osatutako batasun sindikal indartsu batetik aldentzea.

Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain, eta mendekotasunaren sektorea babestu behar dute, adineko eta mendeko pertsonen arretarekin hain funtsezkoa den zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa ereduetatik.

Urriaren 20an negoziazio mahaiaren beste bilera bat egingo dute ELA, UGT eta LAB sindikatuek, Nafarroako Egoitzen Hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.