ELAk Nafarroan negoziazioak euskaraz ere bermatzeko proposamena egin du
ELAk deituta, gaur egin da UGT, CCOO, LAB eta CEN patronalak parte hartu duten bilera, negoziazio kolektiboan euskararen erabilerari buruz hitz egiteko.
Bilera horretan, ELAk Nafarroako Gobernuari eskaera bateratua egitea proposatu du, itzulpen publikoko zerbitzuak eskatzeko, sektoreko hitzarmen kolektiboen negoziazioak gaztelaniaz zein euskaraz egin ahal izateko.
Ekimen honen helburua negoziazio kolektiboan parte hartzen duten pertsonen hizkuntza eskubideei zuzenean eragiten dien egoerari aurre egitea da. Nafarroan langileen lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmen kolektiboen negoziazio gehienak gaztelaniaz soilik egiten dira. Gaur egun, Nafarroako Gobernuak ez du sindikatuen eta patronalen eskura aldi bereko itzulpen zerbitzurik eskaintzen, Nafarroako Parlamentuak ez bezala.
Parte hartzaile guztiek bigarren bilera bat egitea adostu dute, urriaren 13an. Bileran zehar, ELAk gainerako sindikatuei eta patronalari proposamen zehatz bat prestatzeko eskatu die bigarren bilerari begira, aurrerapausorik lortu ezean langile euskaldunek jasaten duten hizkuntza eskubideen urraketak jarraituko baitu.
ELAk beharrezkotzat jotzen du egoera hau iraultzea eta negoziazio kolektiboan parte hartzen duten pertsona guztiek beren hizkuntzan aritzeko aukera bermatzea. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio sindikatuen eta patronalen eskura itzulpen publikoko zerbitzuak jar ditzala, baldintza berdinetan negoziatu ahal izateko, gaztelaniaz zein euskaraz.