ELAk URGATZI salatu du, etxez etxeko laguntzaren zerbitzuan gehiegikeriak eta jazarpen sindikala egiteagatik

2017/01/17
Sindikatuak Bizkaiko 20 udalerritan behintzat irregulartasunak antzeman ditu, eta beraz Lan Ikuskaritzari deitu dio esku hartzeko. Gainera, elkarretaratze bat egin du gaur Bilbon.

Urgatzi Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko oligopolioko enpresa nagusietako bat da. Urgatzik ez du ELA gogoko, irregulartasunak antzematen dituzten sindikatuak ez ditu gogoko, sindikatu otzanak eta amultsuak nahiago ditu. Enpresa horren ohiko jarduna da neurri irregularrak hartzea kontratazio-arloan, postu hutsak ordezterakoan, hitzarmena aplikatzeko orduan eta abar, beti ere ELAko ordezkari eta militanteen kaltetan. Jardunbide hori nabaria da etxez etxeko laguntzaren zerbitzuan; izan ere, Bizkaiko 20 udalerritan, gutxienez, irregulartasunak antzeman baitira. Udalerri horien artean Getxo, Santurtzi eta Busturialdea Mankomunitatea daude. Sindikatuak, dagoeneko, salaketa jarri du epaitegian; eta gainera kalean ere erantzuna eman dio. Alde horretatik, hiru adibidetan laburbildu daitezke Urgatziren irregulartasunak:

  • Getxo. Enpresa Batzordean CCOOko 3 ordezkari eta ELAko 2 ordezkari daude. Batzordeburuak ez ditu deitu nahi Langileen Estatutuaren 66 artikuluan ezarritako bilerak ELAk eskatzen dituztenean. Enpresak, bere aldetik, bilerak eta informazioa ukatzen dizkio ELAren Atal Sindikalari, eta batzordeburua lanaldi osora liberatu du, beste udalerri batzuetako CCOO-ordezkarien ordu sindikalak metatu dituelakoan. Baina udalerri horiek zeinek bere hauteskunde-prozesua dauka, eta zenbaitetan ezta hori ere. Nolanahi ere ordu horiek ez dira nahikoak pertsona bat liberatzeko. Horrela, enpresak mesede egin nahi dio Batzordeko alderdi bati, ELAren kaltetan.

  • Santurtzi. Enpresak ez dio onartu langile bati (ELAko ordezkaria) lanera itzultzeko lehentasunezko eskubidea, eszedentzian egon ostean, eta orain langabezian dago. Enpresak dio ez duela postu hutsik, baina lan-kontratu bat baino gehiago egiten ari da. Horrela kalte egiten dio, nahita, ELAko ordezkari bati, eta oztopatu lan sindikalean aritu ahal izatea.

  • Busturialdeko Mankomunitatea. ELAk salaketa jarri ondoren, Lan Ikuskaritzaren ebazpenez langile bati mugagabearen izaera onartu zitzaion; baina, hala ere, bajan eman zioten. Lan Ikuskaritzak berriro enpresari deitu ostean, enpresak administrazio-akats bat izan zela aitortu zuen, eta alta eman zion, baina laburtu zion lanaldia %83,33tik %16,66ra; hau da, ordu erdi goizez eta ordu erdi arratsaldez. ELAk orduan beste salaketa bat jarri zuen; eta langileak epaitegian jakin zuen lanaldia %50era zabaldu ziola enpresak hilabete lehenagotik, berak ordura arte ezer sinatu gabe. 2014-2016 urteetan langileak eta 2013 ez geroztik ELAko ordezkariak lanaldia zabaltzeko eskatu du askotan, eskualde hartan enpresak egiten dituen aldi baterako kontratu ugariak ikusita, baina eskari horiek ez dira inoiz kontuan hartu. 2015eko uztailean Urgatziko etxez etxeko laguntzako arduradun Cristina Marañonek aitortu zuen benetako arrazoia, lanaldia ez zabaltzeko: “ordezkaria delako, eta orain ordu sindikalak hartzen baditu, lanaldia zabalduz gero, ordu gehiago hartuko ditu”.

Horregatik ELAk salatu du “Urgatzi ELAko ordezkarien aurka egiten ari dela modu sistematiko eta irregular batez, askatasun sindikala urratuz eta lan sindikala eragotziz. Horren arrazoia ELAko ordezkariek etxez etxeko langileen eskubideen alde egiten duten lana da, eta horrela askatasun sindikalaren eskubidea zapuztu nahi dute”.

Urgatziren aurkako protesta

ELAko ordezkariei egiten zaien jazarpena salatzeko, auzitara jotzeaz gain, kalean ere elkarrateratze bat egin da gaur goizean Bilbon. Ekitaldia 11:30etan hasi da, eta bide batez zerbitzu horren merkaturatzea eta gainbehera salatu da. Herri-erakundeek zerbitzu hori herritar guztien eskubide subjektiboa dela aitortu badute ere, zerbitzua gero eta okerrago dago, enpresak eta instituzioek beste alde batetara berigatzen duten bitartean.