ELAk urtarrilaren 11n preso politikoen eskubideen alde Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen du

2020/01/08
ELAk azpimarratu duenez, mobilizazio horiek beharrezko erakustaldia dira uneotan Espainiako eta Frantziako gobernuen aurrean. Sindikatuak bere politika errotik aldatzea eskatzen dio gobernu espainiarrari, lehenik eta behin, espetxeetako legedia zorrotz betez. Hain zuzen, salbuespen egoerari amaiera eman behar zaiola berretsi du sindikatuak.

ELAk argi dauka eskuina etengabe elikatzen joan den mendeku goseak ezin duela espetxe politikaren norabidea markatu. Gobernu berriak, era berean, ezin dio muzin egin, aurrekoek egin duten bezala, euskal gizartearen eta gehiengo politiko eta sindikalaren aldarriari.

Frantziako gobernuak, berriz, konpromisoen fase berri bat zabaldu behar du, presoak askatzera bideratua. Macron presidenteak Miarritzen adierazitakoarekin koherente izan beharko luke; izan ere, orduan "Euskal Herria gatazka baten konponbidearen eta armak atzean uztearen adibide" dela esan zuen, eta "Estatuaren eginbeharra mugimendu hau laguntzea" dela gaineratuz.

Sindikatuko zuzendaritzaren ordezkaritza bana egongo dira bi manifestazioetan. Horrela, ELAk mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu bere afiliatuak.