ELAk uste du amiantoak kaltetutakoentzako konpentsazio-funtsa beharrezkoa dela

2012/03/27
ELAk gaur parte hartu du amiantoak kaltetutako pertsonentzako konpentsazio-funtsa aztertzeko Legebiltzarreko ponentzian. Sindikatuko ordezkariek esan dutenez, gai toxiko honen biktimei ordaina emateko funts hori ezinbestekoa da.

 

Gaixotasun profesionalak oro har, eta amiantoak eragindakoak, bereziki, arazo sozial larria dira. Oraindik ere ezkutuan jarraitzen dute eta datu ofizialek ez dute errealitatearen berri ematen.

Hego Euskal Herrian aurten dagoeneko 14 pertsona hil dira amiantoaren eraginez; heriotza hauek ez dira inongo estatistika ofizialetan agertzen. EAEn honez gero amiantoak 159 pertsonaren heriotza eragin du, azken 30 urteotan 25.000 langilek arnastu dute gai toxiko hau, eta pertsona hauen herena behar baino lehenago hiltzeko arriskuan dago.

Amiantoaren biktimak erabat babesik gabe daude, izan ere, kalteak aitortzen dituen egungo sistemak ordaina berandu ematen die, edo inoiz ez, eta prozesu oso zail baten ostean (auzitegietan bide luzea egin behar izaten da).

Auzi honi heltzeko lehen baldintza borondate politikoa izatea da, arazoaren benetako tamaina aintzat hartu eta irtenbidea emateko. Hain zuzen, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio bere gain har dezala dagokion ardura politikoa eta honen arabera joka dezala, egun agertzen duen konpromisoa ez baita nahikoa. Osalanek, Lan-Ikuskaritzak eta Osasun sailak egiten dutena baino askoz gehiago egin dezakete. Kontua borondate politikoa izatea da, eta beharrezko diren bitartekoak –pertsonal zein materialak– ipintzea da. Noski, hau ezinezkoa da arlo hauetan ezartzen ari diren aurrekontu murrizketekin.

Zehazki, ELAk Osalani eskatu dio gaixotasun profesionalak ikertzeko egiten diren eskari guztiak azter ditzala. Sindikatu honek salatu duenez, Osalan oso irizpide murriztailea ari da erabiltzen, bakar-bakarrik INSSek eskatuta egiten baititu ikerketak. Hau ezin da inola ere onartu, eta ez dauka zerikusirik ustez Osalanek gaixotasun profesionalak detektatu eta jazartzeko duen “konpromiso tinko” horrekin.

Konpentsazio-funtsa

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa ezinbestekoa da, batik bat kaltedunak enpresa desberdinetan lan egin duen kasuetan, edota lan egin duen enpresa desagertu denetan.

ELAk uste du hainbat gai kontutan izan behar dela konpentsazio-funts bat eratzerakoan. Esaterako, konpentsazio-funtsera jotzeak ezin du ekarri enpresak prebentzioarekiko izan behar duen ardura ezabatzea. Gainera, funtsa enpresen ekarpenekin finantzatu beharko litzateke, eta zenbatekoa baliabide publikoekin osatu, dagozkion kalteordainak kitatu ahal izateko.

Funtsera jota ere enpresaren aurkako ohiko auzibidera joateko aukerak ere irekita egon beharko luke, kaltea oso-osorik edota funtsak kitatu ez duen zatia konpontzearren. Funtsak kalteordaina ordainduta, bera subrogatu egingo litzateke kaltea eragin dutenen kontrako kalteordain-ekinbideetan.

Beste herri batzuetan badira funts eredu egokiak. Hauek zehatz aztertu behar dira, ondorioak atera eta gizartean eztabaidari ekin, konpentsazio-funts eredu propioa eratzen hasterako.

Amiantoaz gainera, beharrezkoa litzateke ere beste gaixotasun profesional batzuren inguruko eztabaida, horiek batzuk nola prebenitu eta kalteak nola konpondu erabakitze aldera, izan ere, hauek langile-klaseari orain eta etorkizunean atzera gabeko kaltea eragingo baitiote.

Amiantoari buruzko txostena