ZERBITZU PUBLIKOAK

ELAk uste du Bizkaiko Correosen greba bertan behera uzteko arrazoirik ez dagoela

2024/05/30
Gehiengo sindikalaren eta enpresaren arteko akordioak hobekuntza gutxi ditu, eta ez ditu hobetuko zerbitzuaren gabezia larriak

ELAren ustez, ez dago justifikaziorik Bizkaiko Correoseko grebaren deialdia bertan behera uzteko. Hurrengo greba egunak maiatzaren 31rako, ekainaren 3, 4 eta 5erako aurreikusita zeuden. Enpresak 19 kontratu eskaintzen ditu lanaldi osoan, bat lanaldi partzialean, eta lanaldi partzialetik jardunaldi osorako hamar bilakaerak (denak arratsaldez), baina eskaintza hori ez da nahikoa mobilizazioak bertan behera uzteko.

ELAren ustez, oraindik gauza asko daude zehazteko akordio bat sinatu ahal izateko, bulego, tratamendu-zentro eta unitate asko minimoen azpitik baitaude. Era berean, onartezina da Correosek 1.200 milioiko zorra izatearen aitzakia grebak bertan behera uzteko arrazoia izatea. Nolanahi ere, ELAk kritikatu du kontratu berri horiek ez dutela konponduko Bizkaian milaka jakinarazpenen metaketa, kudeaketa negargarri baten errua baita.
Correosen egoera larria denez, langile guztien eskubideak defendatzen jarraitzea beste irtenbiderik ez dago, eta ezin dira baztertu etorkizunean mobilizazioak egitea.