ELAk uste du Goicoechea kontseilariak bere ardura betetzeko gaitasuna galdu duela, Ogasunaren krisialdia dela eta

2014/01/30
ELAk uste du Lourdes Goicoecheak, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasunaren kontseilaria izaten jarraitzeko gaitasuna galdu duela, zerbitzu publikoaren kanpoko interesen eta presioen mesedetan lan egiteagatik. Gainera, Ogasunaren langileen independentzia eta profesionaltasuna kolokan jarri ditu.

ELAk langileen ondoeza eta sumina agerian utzi nahi du Lourdes Goicoechearen jardueraren eraginez: bere erabaki politikoek Foru Ogasunaren agintarien dimisioak bultzatu dituzte eta egoera larria sortu dute.

ELA sindikatuak (Ogasunaren 12 ordezkaritik 3 dituena) salatzen du Goicoecheak ikuskarien aurka erakutsi duen mesfindantza: kanpoko ikerketa bat agindu zuen talde horren lana ikuskatzeko. Gauzak horrela, Barcinaren presidenteordeak Ogasunaren Ikuskaritzaren independentzia historikoa kolokan jarri du, talde osoaren profesionaltasunari buruzko zalantzak sortuz.

Bestalde, ELAk Goicoechea kontseilariaren jarduerei buruzko argibide guztiak eskatzen ditu, besteak beste Opuseko Unibertsitatean, Osasuna futbol taldean, ostalaritzaren ikuskaritzatan... Interes pribatu jakin batzuen alde lan egin duenaren susmo tinkoa dagoelako, beti ere iruzur fiskalaren aurkako borrokaren kaltetan.

Langile askok salatzen dutenez, Lourdes Goicoecheak sinesgarritasun gehiago eskaintzen dio aholkulari fiskalaren 'lobby'-ari bere ardurapean dauden langile publikoei baino. Ez da ahaztu behar Goicoechea aholkulari fiskalen mundutik datorrela, eta horien helburu profesionala Ogasunari ahalik eta gutxiago ordaintzea da...

Azkenean, 2013ko BEZ-aren datuak argitu behar dira, Idoia Nieves Ogasunaren zuzendariaren dimisioa eta gero publikatu dutelako, kasualitatez edo... Argitara emandakoaren arabera, azken hiruhilekoan BEZ-aren bidez diru gehiago sartu zen aurreko bederatzi hilabetetan baino. Datu sinesgaitzak direnez, kontabilitate-trikimailuen inguruko zalantza larriak sortu dira.