ELAk uste du LHKko presidenteak Legebiltzarrean egin dituen adierazpenak onartezinak eta tokiz kanpokoak direla

2011/05/25
Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidentea den Tomas Arrietak patronalaren asmoak bereganatu ditu eta Jaurlaritzak lan-merkatua orekatzeari dagokionez daukan utzikeria onetsi egin du; baina gainera, negoziazio kolektiboaren erreformari buruz eman duen orientazioarekin langileen eskubideak are gehiago urratu nahi ditu.

Susmagarria da hitzarmen kolektiboen kudeaketaren alde egitea, izan ere LHKren egiteko nagusietako bat sinatutako hitzarmenak betetzen direla zaintzea izan behar bailuke, eta honetan nabarmen huts egiten du.

ELAk LHKko buruari hainbat gairi buruzko iritzia eman dezala eskatzen dio:

-          Zer dio minoriako akordioei buruz, antidemokratikoak eta langileen bizkar itxitakoak izanagatik LHKren egoitzan bertan negoziatu direnean?

-          Zer irizten dio LHKren egoitzan sinatutako hitzarmenak sistemaz ez betetzeari?

-          Zer esan dezake patronalari lan-merkatuan ematen zaion abantailazko egoerari buruz (prekarietatea, malgutasuna, kaleratzeak, soldata apalak, xantaiak...)?

ELAk gogoratu nahi du LHKko parte hartzea eten egin zuela eta erakunde honek normaltasun itxura eman nahi diola bat ere normala ez den barne-funtzionamenduari. Gainera, langileen interesen aurka, LHKk ontzat ematen du Jaurlaritzak, patronalak, CCOOek eta UGTk antzezten duten elkarrizketa sozialaren fartsa.