Metalean elkarrizketa sozialaren mahai iraunkorra eratzeak UGT eta CCOOri mesede egingo dien eredu klientelarra sendotzea du helburu, bake sozialaren truke

Era berean, elkarrizketa sozialak langileentzat ondorio kaltegarriak dituela salatu nahi du ELAk. Azken adibidea lan-erreformarako Madrilen egindako akordioan ikusi dugu; izan ere, patronalak beto-eskubidea baliatu du, eta, azkenik, UGTk eta CCOOk, PSOE eta Unidas Podemosekin batera, Rajoyren erreformaren elementu kaltegarrienak bere horretan mantentzen dituen erreforma bat adostu dute (kaleratzea merkatzea, kaleratze kolektiboetan administrazio-kontrola ezabatzea, izapide-soldatak kentzea edo enpresei hitzarmenak ez aplikatzea erraztea), eta negoziazio kolektiboaren mehatxua betikotu dute. Gainera, Nafarroako elkarrizketa sozialaren iragan iluna gogoratu behar da, Kontuen Ganberak berak zalantzan jarri zuen sistema horrekin UGTko eta CCOOko 120 kargu baino gehiagoren soldata ordaindu baitzen diru publikoaren bidez. ELAk, metalaren sektoreko lehen sindikatua den aldetik, berretsi du beharrezkoa dela metaleko langileak beren lantokietan antolatzea beren lan-baldintzak hobetzeko, eta metalaren inguruko hurrengo hitzarmenaren negoziazioak hori lortzeko akuilu gisa balio behar duela. Ildo horretan, mahai horren sorrera bereziki larria da, kontuan hartuta duela astebete eskas metalaren hurrengo hitzarmenaren negoziazio-eremua eratu zela. Ondorioz, ELAk negoziazioa edukiz husteko edozein ahalegin salatuko du, Nafarroako metalgintzako langileek hautatutako sindikatu-aukerekin bat ez datozen beste foro batzuk bilatzeko.