ELAk uste du patronalak Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenean egindako azken proposamenak ezarritako helburuak betetzen dituela

2022/07/14
ELAk, sektorean %72ko ordezkaritzarekin, KPIari lotutako soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa eta lizentzietan eta bestelako eskubideetan hobekuntzak jasotzen dituen proposamena baloratuko du hurrengo egunetan batzarrean

Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmena negoziatzeko gaur egindako bileran, patronalak 2022tik 2024ra bitarteko urteetarako hitzarmen proposamen bat egin du, honako eduki honekin: 2022an %4ko soldata igoera eta 2023an eta 2024an KPI gehi 1,25 puntuko igoera, urteko lanaldia 6 ordu murriztea, lizentzia eta baimenetan hobekuntzak egitea, heriotzagatiko eta ezintasun iraunkor absolutuagatiko kalte ordaina 150.000 eurora arte handitzea, eta istripu baten ondorioz baja izanez gero, soldata %100eraino osatzea, besteak beste. Horrez gain, hitzarmen hau estatu mailako hitzamenarekiko aplikatzeko lehentasuna ezartzen da, aplikazio bermatzeko klausulak hobetzen dira eta ultraaktibitateari eusten zaio.

ELAk %72ko ordezkaritza du sektorean, eta uste du proposamen horrek bete egiten dituela negoziazio honetarako ezarri ziren helburuak. Horregatik, datozen egunetan proposamen hau balioztatzeko batzarrak egingo ditu sektoreko ordezkariekin.