GIPUZKOAKO METALA
ELAk uste du patronalak proposatutako urratsak ez direla nahikoa

ADEGI patronalak beste eskaintza bat egin du gaur hitzarmena negoziatzeko bileran. Bertan, 2023an %5eko soldata igoera eta 2024tik 2026ra bitarteko urteetarako KPIaren araberako igoera jasotzen dira soldata tauletan ezarritakoaren arabera soldata kobratzen dutenentzat, eta soldata handiagoa dutenentzat, igoera KPIaren %80koa izango litzateke.
ELAk positibotzat jo du soldata igoeraren proposamenean Gipuzkoako Hitzarmenaren negoziazio erreferentzia berreskuratzea, hau da, aurreko urteko KPIa kontuan hartzea. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan, zenbait urteren ondoren eta soldatetan galera handia izan ondoren, KPIarekin eguneratuko diren kopuruak adostu dira.
Hala ere, soldaten planteamendua ez da nahikoa. 2023an ez da KPIaren igoera bermatzen (2022an % 5,7koa izan zen), eta benetako soldatetan proposamena are okerragoa da. Gainera, ELAk uste du lanaldi murrizketari heldu behar zaiola eta bizitza eta lana bateragarri egiteko neurriak hartu behar direla.