ELAk uste du pozgarria dela CiUk eta ERC sinatutako akordioa, 2014an Kataluniaren independentziari buruzko kontsultara eraman dezakeena
Markoa batetik espainiar Konstituzioak eta autonomia-estatutuek marrazten dute, eta bestetik, eskumenen kudeaketa neozentralistak; horri Espainiako kultura politiko oso axaletik demokratikoa gehituta, estatu espainola kaiola jasangaitza bihurtu da Katalunia eta Euskal Herriaren moduko nazioentzat, zeinek Europan aitortza hain zuzen nazio gisa lortu nahi baitute.
Hartara, nabarmentzekoa da bi alderdi politiko horiek eta erakunde katalanek estatuari demokratikoki aurre egiteko agertu duten jarrera, funtsezko oinarri demokratiko baten alde, herri katalanari zor zaion erabakitzeko eskubidea alegia. Kontsultaren azken aipamenak, herritarren parte hartzea eta prozesu instituzionala bateratzen dituen mekanismoarenak, indar praktiko eta sinboliko izugarria du.
Halaber, akordioak agerian uzten du badagoela klase politiko bat azken urteotako herritarren eskariak aintzat hartzen dakiena, batez ere joan den irailaren 11ko manifestazioan adierazi zen hori. Hitzarmenarekin sinatzaileek parlamentuko gehiengo bat eta erakundeetako tresnak eskari sozial zabal horren zerbitzura jartzen dituzte. ELAk balio handia aitortzen dio urtetan iraun izan duen mobilizazio herritar horri; ziurrenik aurrerantzean ere eutsi egin beharko zaio, erakundeek estatuaren aurrean pultsu horri eusteko gauza izan daitezen.
Bestalde, ELAk gaitzetsi egiten ditu espainiar estatuko maila gorenetatik, baita erakunde militarretatik ere, botatzen hasi diren mehatxuak: Presidenta aldatuko dutela, autonomia eten, prozesua nazioartean zikindu, auzitegietara jo modu prebentiboan, baita Kataluniaren indarrezko okupazioa ere... Merezi du mehatxu hauek alderatzea gobernu britaniarrak Eskoziakoarekin egin duen akordioarekin, han ere independentziari buruzko kontsulta tarteko dela. Nabarmena da espainiar estatua erabat ezgauza dela eztabaida demokratiko huts bat egiteko.
ELAk deitoratu egiten du gure herrian daukagun gabezia, hots, indar abertzaleek duten ezintasuna aitortza nazionala lortze aldera gutxieneko partekatu batzuk adosteko. Hau are larriagoa da estatua eraso neozentralista eta uniformatzaile betean dagoelarik. Honi dagokionez, harritzekoa da Gasteizko gobernu berriak bilateralitateari buruz egin duen aipamena, inboluzio neozentralista gero eta gehiago hedatzen ari denean: hezkuntza erreforma, autonomia-erkidegoen zorrari ezarritako muga, berrordainketa edota erreforma eta murrizketen aplikazioa.
Horrenbestez, are nabarmenagoa da Eusko Jaurlaritzak bilateralitatea autogobernuari buruzko eztabaida batera ere zabaltzea; akordioa joera politiko “guztiekin” bilatu beharko omen litzateke. Jarrera hauek, gure ustez, batik bat gauza bat islatzen dute: estatuarekiko edozein talka demokratiko baztertzeko erabakia; honek, besteak beste, indar guztia kenduko lioke azken hauteskunde autonomikoetan sortu den gehiengo abertzaleari.