ELAk Venezuelako bake, demokrazia eta subiraniarekiko konpromisoa adierazi du

2019/01/24
Sindikatuak bere kezka agertu du oposizioko liderrak bere burua presidente izendatuta sortu den egoeragatik.

ELAk gogoratu nahi du, lehenik, urtarrilaren 10ean Nicolas Madurok Venezuelako presidente kargua hartu zuela, oposizioarekin negoziatu eta aurreratu ziren hauteskundeen ondoren. Negoziazioa eta hauteskundeen deialdian lagundu egin zuten nazioarteko hainbat gobernuk, hauteskunde organok eta pertsonak, esaterako Rodriguez Zapatero presidente espainiar izan zenak. Maduro presidenteak botoen %67,8a lortu zuen. Oposizio demokratikoaren izenean aurkeztutako hiru hautagaiek guztira %21 lortu zuten. Beraz, prozesua nazioarte mailan homologatzeko modukoa izan zen.

Bestalde, gertakarion aurretik Madurok bere kargua hartu zuenean Limako Talde delakoak haren aurkako adierazpen bat plazaratu zuen; talde horrek ez dauka nazioartean inolako legitimitaterik, eta eskuin muturreko gobernuek osatzen dute, hauek beren estatuetan herritarren aurkako politikak ezartzen dituzte, giza-eskubideak urratu eta mugimendu sozial zein sindikalak kriminalizatu.

Venezuelako herriaren borondate demokratikoari errespetua zor zaio. Inongo boterek, barneko zein kanpokoa dela ere, ezin du bereganatu hauteskunde prozesuen legitimitatea zalantzan jartzeko eskubidea, parte hartzea bermatuta dagoenean eta zilegitasuna nazio zein nazioarteko erakundeek aitortzen dutenean. Agintari politiko baten ekintzari buruzko iritzia alde batera utzita, egungo presidentearen legitimitatea ukatzea injerentzia hutsa da, Venezuelak pairatzen duen egoera larria areago okertuko duena.

Venezuelako arazoak gainditzeko baldintza politiko eta instituzional egonkorrak behar dira; elkarrizketa sustatu behahr da, arau demokratikoak errespetatu eta organizazio politiko, sindikal eta sozialei parte hartzeko bideak eskaini. Bestalde, gobernuak herritarren premiazko beharrizanak asetu behar ditu krisi ekonomikoaren ondorioak arintze aldera. AEBetako gobernuak eta Europar Batasunak ezarritako zigor ekonomikoak ere bertan behera utzi behar dira, hauek herritarren sufrimendua areagotu egin baitute. Komunikabideek Venezuelako defizit demokratikoak nabarmentzeaz gainera agerian utzi beharko lituzkete ere baliabide natural ugari dituen herrialde honetan jokoan dauden interes inperialistak, batik bat petrolioa, gasa, koltana eta urrea tarteko direla.

Azkenik, ELAk gaitzetsi egiten du Venezuelako eta eskualde guztiko bakea arriskuan jar dezakeen edozein erabaki diplomatiko, ekonomiko zein militar.