ELAk Xabier Rey preso nafarraren heriotza dela eta bere samina eta tristura adierazi nahi du, eta bere senide eta lagunei elkartasuna helarazi

2018/03/07
ELAren iritziz Xabier Reyren heriotza banaezina da espainiar Gobernua oraindik aplikatzen ari den espetxe-politika ankerretik: preso asko senideengandik urrundu eta espetxeko lehen gradua aplikatzen zaie modu injustu batean. ELAk espainiar Gobernuari exijitzen dio legea bete dezala, dispertsio politika bertan behera utzi eta gradu-progresioa lortzeko modua bidera dezala; horrela banakako tratamendua eta espetxe-onurak izateko aukera posible izango da.

Xabier Rey, zeinari ez zitzaion atentaturik leporatu, duela hamar urte sartu zuten preso, eta ordutik lehen graduko erregimenean mantendu dute. Salbuespenezko erregimen hau gaur euskal presoen %92ri aplikatzen zaio, baina horretarako, ia kasu gehienetan, ez dago baldintza objektiborik, beharrik edota legeak aipatzen duen arrazoirik.

Lehen graduak eragozpen gogorrak ezartzen dizkio presoaren ohiko bizimoduari. Baina gainera erregimen honekin ezinezkoa da espetxe-legediaz baliatzea eta kartzelan egoteak dakarren sufrimendua arintzeko neurriak eskatzea. Gaur lehen gradua euskal presoentzat benetako estatu-bahiketa bat da, eta islatzen du giza-eskubideen aurkako espetxe-politika bat, zeinaren xedea mendekua den.