LAN ERREFORMA

ELAk Yolanda Diazi exijitu dio onar dezala irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak debekatzeko egiteke duen lan erreforma

2023/12/15
Yolanda Diaz Bilbora etorri da Sumar Mugimenduaren hauteskunde ekitaldi batera. Diaz ministroak bilerak egin ditu hainbat langilerekin, besteak beste deslokalizazio baten ondorioz lanpostuak galtzeko arriskua duten Mecanerreko langileekin. Hala ere, berriro ere uko egin dio lehen euskal sindikatuarekin biltzeari

ELAk salatu nahi du Yolanda Diazek orain urtebete uko egin ziola 2012ko lan erreformaren kaleratze araudia aldatzeari. Rajoyk inposaturiko lan erreformaren ondorioz kaleratze kolektiboak erraztu egin ziren, besteak beste, irabazi handiak dituzten enpresetako langileak kaleratzeko aukera zabaldu zuen. ELAren ustez, Mecanerreko langileekin biltzerakoan Yolanda Diazek konpromiso zehatzak hartu beharko lituzke, kaleratzeak ezinezko egiteko. ELAk gogora ekarri nahi du iazko lan erreforman Diaz ministroak uko egin ziola 2012ko lan erreforma bertan behera uzteari.

Era berean, ELAk salatu du Diaz ministroak uko egin diola Euskal Herrira etorri den bakoitzean herri honetako sindikatu nagusiarekin biltzeari. Are gehiago, kargua hartu zuenetik ez du interesik izan sindikatu horrekin biltzeko, ELAk hala eskatu izan dion arren. Yolanda Diazek ez du ELArekin bildu nahi ez dituelako ELAren aldarrikapenak bete nahi. ELAk Yolanda Diazi exijitzen dio propaganda egiteari utz diezaiola, bere hitza bete dezala eta 2012ko lan erreforma bere osotasunean indargabetu dezala.