ELAk zerga-politika aldatzea exigitzen du

2010/06/09
ELAren esanetan, begibistakoa da EAEko zerga-presioa Europear Batasuneko batez besteko maila baino askoz apalagoa dela, areago, Espainiakoa baino txikiagoa da, eta azken bi urteotan asko jaitsi da.

Mikel Novalek, ELAko politika sozialeko arduradunak, foru aldundiei “zerga-politika goitik behera aldatzeko” exigitu die. Novalen ustez, “begibistakoa da EAEko zerga-presioa EBko batez besteko maila baino askoz apalagoa dela; areago, Espainiakoa baino txikiagoa da, eta azken bi urteotan asko jaitsi da”. ELAren irudiko, nahikoa arrazoi badago zerga-presioa gehitu dadila eskatzeko.

ELAko arduradunaren arabera, “ez dugu axaleko aldaketarik eskatzen; aldiz, zerga bidez biltzen den diru kopurua Europako parera iristeko egin beharrekoa egitea aldarrikatzen dugu. Horretarako, EAEn urtero orain baino 4.000 milioi gehiago bildu beharko lirateke”.

Novalek gogoratu du zerga-politikaren aldaketa hau ezinbestekoa dela; esaterako, ogasunek zerga bidez biltzen duten dirua 2009an 2007 adina izan balitz, defizitik ez zuketen izango, ez Jaurlaritzak, ez aldundiek. Beraz, ELAren iritziz “harrigarria da zerga-politikaren inguruko eztabaida eta aldaketa beharra inork ukatzea. Horrela jokatzen dutenek objektiboki murrizketa sozialak aldezten dituzte, eta zergarik ordaintzen ez dutenak babesten ari dira”.

Novalek berretsi du “duela urte asko hasi ginen salatzen iruzur fiskalari ekin behar zaiola, baina hori ez da egin. Errenta altuentzako eta kapitalentzako PFEZ jaitsi zirenean  ere aurkako iritzia adierazi genuen, baita Sozietateen Zerga murriztean edota Ondare Zerga kendu zutenean ere”. ELAk sarri salatu izan du politika neoliberal hau ezartzeko EAJ, PSOE eta PPren arteko adostasun politikoa.

Azkenik, Novalek esan duenez, “deigarria da sindikatuak aldaketak eskatzen dituenean aurka egiteko harmonizazioa aipatzea; hala egin du Markel Olano Gipuzkoako diputatuak”. Baina irizpidea hori bada, zergei buruzko erabakiak Legebiltzarrean hartu beharko lirateke, ez Batzar Nagusietan. Eta gogoeta egin beharko lukete Gipuzkoa Aurrera bezalako erakundeak sortu dituztenek, horrelako ekimenen helburua argia baita, Gipuzkoako Aldundiaren politikak enpresen etekinen mesedetan erabakitzea.