ELAk Zestoako udal langileak bere lanpostua galtzeko mehatxuaren aurrean egindako greba txalotu nahi du

2022/09/08
Langileen kaleratzea sahiesteko Zestoako Udalaren borondate eza eta greba eskubidearen kontra egindako ekintzak salatu nahi ditu sindikatuak

Zestoako udal langileak irailaren 1ean bertan behera utzitako grebaren aurrean eta hedabideetan irakurri eta herrian entzundakoak argitze aldera, ELA sindikatuak zera aderazi nahi du:

Gogoratu dezagun, Euskal Herriko sektore publikoa pribatizatzeko helburua duten politika neoliberalen ondorioz, udaletako langileen artean pribatizatutakoak gehiago direla zuzenean kontratatuak baino. Gainera, esparru horietan emakumeak gailentzen dira (zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzetan...). Eta zerbitzu publikoa pribatizatzeko aurreneko pausoa langileak behin-behinean izatea dela kontuan izanik, Hego Euskal Herriko udaletan langileen %40 baino gehiago behin-behinean daudela azpimarratu behar da(15.000 tik gora).

Zestoako udal langile grebalarien egoera horren isla da. Urteak dira behin-behinean, prekario, kontratazio iruzurrean eta sektore pribatuan onartzen ez diren kontratatazio egoeran daudela. Horren guztiaren arduradun zuzenak urte guzti hauetako udal gobernuak dira.

Enpleguaren legez kanpoko egoera horri Europar epaitegiak txartel gorria atera izanak eta aurrera eraman diren greba zein mobilizazio dinamikek, lege berri bat onartzea ekarri dute. Lege horri esker, administrazio publikoan behin-behineko egoeran dauden milaka langileei euren lan baldintza prekaerioekin amaitzeko aukera zabaldu zaie.

Legeak helburu garbi bakar eta ez ohiko bat dakar: administrazio publikoko langileen lanpostuak kontsolidatzea eta pribatizazioari ateak ixtea. Hor kokatzen da, hain zuzen ere, Zestoako langile grebalarien kasua.

Hori horrela izanik, Zestoako Udal Gobernuak, bere ardurapean dagoen egoera konpontzeko ahalegina egin beharrean, honako erabaki hauek hartu ditu:

  • Muzin egin die behin-behineko langile horien egoera prekarioari irtenbidea emateko langileen eskaerei.

    • ELA eta LAB sindikatuek udalari egindako proposamenei ezezkoa adierazi die.

    • Grebaren aurrean, udalak alde bakarretik oinarri batzuk inposatu ditu; abuztuak 19an publiko egin zirenak.

    • Ezarritako oinarri horiek grebalariak kaleratzeko mehatxupean jartzen ditu, kalte ordain baten truke.

    • Erabakia aldatu ordez, greban dauden langileen lanak egiten jardun da alkatea eta zinegotziren bat, eskirol modura.

    • Horren ondorioz grebalariek salaketa jarri zuten ikuskaritzan; ebazpenaren zain daude.

 

Hori horrela izanik, ELA sindikatuak txalotu nahi ditu langileak, lanpostua defendatzeko egin duten grebagatik. Sindikatuak ahalegin guztia egingo du lanpostu horiei eusteko, zerbitzu publiko duina eta kalitatezkoa eskaintzeko herritarrei, langile publikoen prekarizazioari eta pribatizazioari aurre egitea ezinbestekoa baita. Zoritxarrez, badirudi Zestoako udala ez datorrela bat irizpide guzti hauekin.

Artikulu hau askoz luzeagoa izan zitekeen arren, galdera batekin amaitu nahiko genuke: udal bateko langileak urte luzez egoera prekarioan eta kontratu iruzurrekin lanean jardutearen ardura norena da ba, udalarena ez bada?