ELAko 2.000 ordezkari baino gehiagok fiskalitate justuagoa exijitu dute Gasteizen

2013/02/20
ELAko 2.000 ordezkari baino gehiagok fiskalitate justuagoa exijitu dute Gasteizen
Adolfo Muñoz "Txiki"k argitu du fiskalitate arloan egingo diren aldaketak PPren zigilua izango dutela. "Han hasten eta amaitzen da Kontzertu Ekonomikoa", azpimarratu du. ELAko idazkari nagusiak 2.000 ordezkarien aurrean hitz egin du Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Ekitaldiaren amaieran manifestazioa egin da Eusko Legebiltzarreraino, fiskalitate justuago bat aldarrikatzeko

Muñozek adierazi du fiskalitatea ez dela bakarrik alderdi politikoen kontu bat, eta ELAk fiskalitate justuago bat exijitzen duela. Aldiz, politikak patronalak eskatzen duen guztia egiten duela salatu du. “Patronalarekin hitzartu dute, hain zuzen, Europako zerga-politikarik injustuenetako bat. Orain pairatzen duguna”.

ELAko idazkari nagusiaren hitzetan fiskalitatea funtsezko gai bat da.”Ezin da politika sozialik egin fiskalitatea erabat aldatu gabe. Politikan fiskalitatea oinarrizko gaia izatea nahi dugu. Gai honetan, politikan, hitzaldi eder asko egiten da, eta praktikan ezer ez”.

Muñozek Urkulluren gobernuak egingo dituen murrizketak salatu ditu.“1.200 miloi euro gutxiagorekin argi dago murrizketak emango direla eta lanpostuak galduko direla. Ez gara ergelak hori ez ikusteko”.