ELAko Batzorde Eragileak ordezkariak bidali ditu gaurko Europako Parlamentuko bilkurara

2006/10/24
Eustakio Uranga eta Laura Gonzalez de Txabarri ELAko Batzorde Eragileko kideak gaur, urriak 25, Estrasburgon daude, Europako Parlamentuaren bilkuran lau taldek Euskal Herrian hasi den prozesuari buruz aurkeztu duten ebazpen bateratua eztabaidatuko dela-eta.

Laura Gonzalez de Txabarri ELAko nazioarteko harremanen arduradunak nabar-mendu egin du eztabaida bera egitearen garrantzia, Europako Batasuneko (EB) erakundeetan nazio-gatazkak aintzat hartzeari ezarritako betoa gainditzea adierazten baitu. Bere iritziz, bake-prozesua Europako erakundeen agendan sartzea urrats positiboa da. Noski, gatazka bideratuko bada gure herriaren aitorpenerako bidea posible egingo duten negoziazio politiko prozesuak ezinbestekoak dira eta, hartara, ezin da ahaztu EBren baitan gatazka politikoen inguruko eztabaida zinez politikoak saihestu egin direla gaur arte, eragindako estatuen barne-auzitzat jota; honexegatik, EBko gainontzeko estatuek ez dute iritzirik eman ohi.

Gonzalez de Txabarrik gogoratu egin du Lizarra-Garaziko adierazpena; beronek esaten zuenez, Ipar Irlandako bake-akordioa bideratu zuen faktoreen artean “Nazioarteko mailako hainbat faktore agertzeak paper aipagarria izan zuen”. Horien artean aipatzen ziren “Europar Batasuneko hainbat erakundek eginiko harrera ona”, baita AEBko zein Hego Afrikako gobernuen bitartekaritza ere. Halaber, ELAko nazioarteko arduradunak aipatu duenez, ELAk sarri aldarrikatu du gatazkari nazioarteko hedadura eman beharra, eta duela urte asko ari da egiteko horretan, aukera izan duen nazioarteko foro sindikal eta sozial guztietan.

Eustakio Urangak, bestalde, azpimarratu egin du Parlamentuko eztabaidak eta ebazpenak babesa ematen diela bai Euskal Herrian hasi den prozesua kudea-tzen duten eragileei, bai arazo politikoei praxi politikoetatik abiatuta heldu behar zaiela uste dutenei. Babes hau are beharrezkoago gertatzen da Espainiako eskuinaren jarrera ikusita, hau Europako eskuin-muturreko indarrekin bat baitator. Urangak 2005eko irailean ELAko Nazio Batzordeak egin zuen gogoeta aipatu du: “PP oztopo bilakatu da euskal auzia konpontzeko bide errepresiboetan oinarria ez duen edozein bidetan”.