ELAko Batzorde Eragilearen Komunikatua

2002/09/16
ELAko Batzorde Eragilearen Komunikatua `Gora Euskal Herria´ lemapean Bilbon irailaren 14an burutu zen manifestazioari buruz
ELAko BATZORDE ERAGILEAREN KOMUNIKATUA Eusko Jaurlaritzak eta bere Barne Sailak joan den larunbatean “Gora Euskal Herria” lemapean deituta zegoen manifestazioa indarrez galarazteko erabakia inoiz ikusi gabeko larritasuna duen gertakaria da. Herritarren eskubide eta askatasunak bermatu ordez, Estatu espainolak Euskal Herrian eskubideak murrizteko estrategia betearazten dihardu gobernu autonomoak. Eta guztiz modu deitoragarrian egin du hori, manifestaziora bildu ziren milaka gizon eta emakumeak aldez aurretik emandako mezu nahasiarekin engainatu egin baitzituen, batetik, eta nondik heldu ez duen errepresioa erabili, bigarrenik. Barne Sailak jokabide hau manifestaziotik izan omen ziren oldarren erantzun legez zuritu nahi izan du. Alabaina, Ertzaintzaren eskuhartzeak ez zuen justifikaziorik, eta gainera jokamolde zuhurretik ez zuen batere arrastorik izan. Esan daiteke manifestazioan zegoen jendearen eta antolatzaileen erantzun bareari esker ez zela ondorio are larriagorik gertatu. Gaur esan liteke Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak Ertzaintzari ezarri dion zereginak erabat etsita eta goibel utzi gaituela, bai gu, bai beste herritar asko eta asko. Beraz, gertakari hauen arduradun politiko zuzena den aldetik Barne saileko buruaren dimisioa, edota kargutik kentzea, izango zatekeen Eusko Jaurlaritzaren aldetik joan den larunbateko manifestazioarekiko izan duen politika berrikusteko asmoaren gutxieneko adierazpena. Eusko Jaurlaritzak 14ko manifestazioari buruz izan duen jokabidea gobernu beraren sakoneko ildo politikoaren adierazgarri dela uste izateko zantzurik badugu. Noizean behin badaezpadako eragina duten aldarrikapen soberanistak eginagatik, hitzetan eta, batez ere, ekintzetan beste printzipio batzuk jartzen ditu beste ororen gainetik: indarrean den legeria betetzea, esparru juridiko-politikoa errespetatzea eta egungo esparru juridiko-politikoa zalantzan jar dezaketen ekimenak baztertzea. Gure irudiko, hau ez da erritmoari edo une egokiari buruzko ikuspuntu ezberdintasuna –hauei buruzko akordioetara iristen saiatzea guztion ardura litzateke–; aitzitik, askoz estrategia sakonagoa da, burujabetza-proiektua gauzatzeari uko egin eta gatazkaren konponbide demokratikoa bazter uzten duen estrategia, alegia. Hain zuzen, larunbateko manifestazioaren inguruan gertatu denak agerian uzten du Ibarretxeren gobernuak ez duela proiektu soberanista baterako esparru politiko eta sozialak eraikitzeko lanean aitzindari eta sustatzaile izateko borondaterik. Halere, Euskal Herrian esparru horiek egituratzeko prest diren gizon-emakumeak asko eta asko dira. Badago burujabetza-proiektu batean lan egiteko adina jende, baldin eta eragile politiko eta sozialok lan komun baterako gutxieneko oinarriak ezartzeko gauza baldin bagara. Horixe da gure zeregina eta gure ardura. Estatua bide politikoak ixten tematuta egon arren, berriro diogu ETAren eskuhartze armatuak prozesu honetan lekurik ez duela. Izan ere, une erabakigarrian gaude; lankidetzarako aukerak sortzeko aukera eta erantzukizuna dagokigu, eta halako eskuhartzeak errotik erauziko lituzke. Azkenik, gure Batzorde Nazionalak joan den irailaren 6an zabaldu zuen komunikatuan esan zuenez, ELA prest dago, eta bere konpromisoa agertzen du euskal gatazkari konponbide demokratikoa eman eta alternatiba soberanista bat eraikitzeko gutxieneko akordioa lortze aldera lan egiteko. 2002ko irailaren 16an