ELAko Batzorde Eragilearen komunikatua otsailaren 20ko erreferendumari buruz

2005/02/21

Gaurko bileran, ELAko Batzorde Eragileak Europako Konstituzio-Itunari buruzko erreferendumaren emaitzak aztertu ditu. Azterketaren ondorioak: ezezko botoak hego Euskal Herrian iritsi duten portzentaje esanguratsua eta estatuko batezbestekoa gainditu duen abstentzioa; argi geratu da gizarteko sektore batek indarrean den eraikuntza europarraren ereduarekiko oso iritzi kritikoa duela.

Adierazpen kritikoaren balioa aintzat hartzeko kontutan izan behar da alderdi politiko nagusiak, beren artean beste gai batzutan dituzten gorabeherak ahaztuta, baiezkoaren alde agertu direla; doako propaganda ia tarte guztiak baiezkoaren aldeko indarrek hartu dituztela, eta mezu instituzionalak eska daitekeen neutraltasuna saihestuta informazioa ez baina propaganda bilakatu direla; gizarte-talde eta mugimenduak, gehienbat ezezkoa eskatzen zutenak, hedabideetatik ia guztiz baztertuta geratu dira.

Hain zuzen, ELAko Batzorde Eragileak aitortu egin nahi du sindikatuko militanteek enpresaz enpresa, herriz herri eta kalerik kale ezetzaren alde egin duten informazio eta propaganda lan handia. Itunaren aurkako botoen zati bat lan honi esker lortu da.

Hego Euskal Herrian Itunak hautesleen %25etik beherako babesa izan du. Baiezkoak nagusitu egin dira, baina erreferenduma bultzatu duten indar eta erakundeek ezin dute oso pozik egon, ezta bereziki legitimatuta daudenik sinetsi. Azpimarratzekoa da, bestalde, kontraesan sakon bat: hain funtsezkoa omen den itun europarra berresteko emaitza eskasa ez dute zalantzan jartzen, baina gure herriarentzako esparruari buruzko erabakiak hartzeko -euren ahaleginak gaindituta unea iritsiko balitz- ia ezin beteko baldintzak eskatuko lituzkete.

Bestalde, ezezko boto portzentaje esanguratsuak ez gaitu kezka bat saihestera eraman behar: ezetzaren aldeko indar aurrerakoiak kanpaina honi ez diogu behar bezala ekin, ez baikara indar progresisten arteko lankidetzarako oinarriak ezartzeko, ez ahalegin bateratua egiteko gauza izan.

ELAren iritziz, egoera honen zergatien azterketa ezin saihestukoa da, eta lankidetza bideratuko duten dinamikak ezarri beharra dago. Izan ere, aurkako baldintzetan egin den erreferendum honek adierazten digu badela gizartean konpromisoak hartzeko prest dagoen eta jarrera kritikoa duen jende multzo handi bat. Oinarri horrekin, borondateak bateratu eta koordinatzea posible egingo duten gutxieneko adostasunetatik abiatuta, hasi behar dugu lanean bestelako Europako Batasunean bestelako Euskal Herri bat helburutzat dugun indarrok.