ELAko egituraren %80tik gorak parte hartuko du Euskaraldian

2018/11/22
ELAk Euskaraldiarekin bat egingo du eta azaroaren 23tik aurrera sindikatuko liberatuen %80tik gorak Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa hartu du. Sindikatuan euskararen ezagutza oso handia dugu, baina gizartean orokorrean gertatu bezala, gurean ere ezagutza eta erabilera ez dira parekoak. Horregatik, Euskaraldiak aukera paregabea eskaintzen digu gure barne-inertziak aldatzeko.

ELAk euskara bere estrategiaren erdigunean kokatu nahi du eta, bereziki, euskara prekarietate esparruetan aritzen diren langileentzako borroka-tresna bihurtu nahi dugu. Euskaraldiak bide horretan laguntzea espero dugu.

Edonola, Euskaraldiaren olatua igaro ondoren aparrak instituzioetara iristea espero dugu. Euskaraldia oso ekimen garrantzitsua da norbanakoak boteretzeko, baina instituzioek baliabideak bideratu ezean euskarak etorkizun zaila du eta euskaldunok ez dugu euskaraz bizitzeko eskubide errealik izango. Hezkuntza politika, komunikabideen papera, administrazioen barne-funtzionamendua, euskaldunon legezko eskubideak, kontsumitzaileen eskubideak, adinagusien euskalduntzea edo hizkuntzaren erabilera posible egiten duten bestelako baldintzak berrikusi ezean euskaldunok ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango, instituzioek Euskaraldian jasotako indarra eremu horietan ausarki aritzeko erabili beharko lukete.

Zentzu honetan, orain hilabete batzuk ELAk Eusko Jaurlaritzari gizarte eragileok euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko laguntza eskatu zion, eta horretarako aldibereko itzulpen zerbitzuak gure esku jar ditzala eskatu diogu. Urrats honek, euskaldunon egoera ikusgarri egiteaz gain, Euskaraldiari jarraipena emango lioke. ELAk egina du eskaera eta erantzunaren zain gaude, Euskaraldiaren aldeko kanpaina koherentziaz amaitzeko eskakizun honen aldeko erantzuna oso garrantzitsua litzateke.

Nafarroako kasuan, Euskaraldiaren hauspoa legealdia amaitu aurretik Euskara Lege berria onartzeko baliatu beharko litzatekete eta, honen bidez, Nafar guztiek hizkuntza eskubide berdinak aitortuak izan beharko lituzkete.