ELAko ehunka militanteek Eskualde Kontseiluetan parte hartu dute gaur, 15. kongresuaren prestaketa lanetan

2021/06/18
ELAko ehunka militanteek parte hartu dute gaur deitutako hamabi Eskualde Kontseiluetan: Bilbo, Nafarroa, Gasteiz, Eskumaldea, Ezkerraldea-Kadagua, Gernika-Durango, Ibaizabal-Nerbioi, Deba, Urola-Kosta, Donostia, Oria-Goierri eta Oarso-Bidasoa. Eskualde Kontseiluak dira sindikatuaren oinarrizko batzarrak, eta bertan hasi dira gaur 15. kongresuaren prestaketa lanak (Bilbon egingo da, azaroaren 24 eta 25ean). Horregatik, lokal guztiak itxita daude gaur.

Hortik aparte, afiliazioa eta hauteskunde sindikalen bilakaera aztertu da, eta ELA aurrera eramaten ari den kanpainen berri eman dugu. Besteak beste, hor daude fiskalitatea aldatzeko ekitaldiak edo lan erreformak bertan behera uzteko ekimenak. Gogoratuko denez, datorren asteartean, ELAko militante kopuru bat Madrilera joango da elkarretaratze bat gauzatzera, Lan Ministeritzaren aurrean. ELAkideekin batera, Galizako CIG eta Kataluniako Intersindicalaren kideak ere kontzentratuko dira.