ELAko espetxeetako sektore-batzordeak gartzeletako egoera salatzen du eta eztabaida sozial eta politikoa eskatzen du espetxe-ereduaz

2004/06/07
Espetxeratuek eta langileek baldintza onartezinak jasaten dituzte

ELAko espetxeetako sektore-batzordeak euskal gartzelen egoera salatzen du. Azpiegitura zaharkituak dira, gaizki kontserbatuak, eta ez daukate gizarte moderno edo aurreratu batekin zerikusirik.

Arazorik larrienak, besteak beste, tokirik eza, eritegi eta atal irekien egoera negargarria; beharrezko tailerren gabezia edo daudenen itxura deitoragarria; amentzako unitate eza; ziega, dutxa eta eskolak erabat utzirik egotea&

Egun espetxeek dituzten egoera eta baliabideei dagokien egiturazko gabeziak ezinezkoa egiten du bertako langileok indarrean den araudiak ezartzen dizkigun helburu eta egitekoak betetzea. Ondorioz, espetxeratuen oinarrizko eskubideak urratzen dira, eta espetxeetako langileok egunez egun eta urtez urte lan-baldintza onartezinak jasaten ditugu.

ELAko espetxeetako sektore-batzordeak Espainiako Gobernu berriari lehenbailehen neurriak har ditzala eskatzen dio, gure espetxeetako egiturazko arazoak konpontze aldera, eta espetxeei buruzko eskumena bertako administrazioaren esku utz dezala; honek zenbait puntu hobetzeko balio beharko luke:

a) Espetxeetako beharginen lan-baldintzak.
b) Espetxeratze zigorrak norbere erkidegoan bete ahal izatea.
c) Espetxeko baldintzak duinak izatea, askatasuna ez beste eskubideak urra ez daitezen, eta espetxeratzeak berriro gizarteratzeko aukera eman dezan.

ELAko espetxeetako sektore-batzordeak, egungo egoera langileentzat eta gartzelan daudenentzat zein larria den ikusirik, euskal administrazioei gehiago busti daitezela eskatzen die; ezin dute hainbeste herritarrengan eragin larria eta oihartzun sozial nahiz politiko handia duen auzi honen aurrean ezer egiteke geratu.

Azkenik, ELAko espetxeetako sektore-batzordeak euskal indar politikoei, sindikatuei eta espetxeratuekin gartzeletan edo kanpoan gizarte-lanean diharduten elkarteei beren inplikazioa eskatzen die. ELAko espetxeetako sektore-batzordeak ezinbesteko jotzen du debate zabal eta garden bat, gizarte honek berak zein espetxe-egitura eta -politika nahi duen erabakitzeko.

ELAko espetxeetako sektore-batzordea
2004-06-08