ELAko hiru federazioek beren kongresuak abenduan egingo dituzte

2017/12/06
ELAko hiru federazioek euren kongresuak deitu dituzte abendurako. Adolfo Muñoz "Txiki"ren hitzetan, federazioek erronka berdinak izango dituzte datozen urteotan: prekarietateari aurre egitea, soldata duinak lortzea, lan haldintzak hobetzea eta genero ezberdintasunak gainditzea lan esparruan. Borroka honetan antolakuntzak eta erresistentzia kutxak, biek ala biek duten garrantzia nabarmendu du.

Federazioetako kongresuen aurkezpenean, Adolfo Muñoz "Txiki"rekin batera, Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalaneko idazkari nagusiak izan dira: Unai Martinez, Marikruz Elkoro eta Igor Eizagirre, hurrenez hurren; baita hauen ondokoak ere, alegia, Luis Fernandez, Mirari Irure eta Miren Zubizarreta.

ZERBITZUAK, inor ez da kanpoan geratuko

Lehen kongresua Zerbitzuak federazioarena izango da, abenduaren 12an Iruñean, “Out inor ez. Indarberritzen” goiburupean. Kongresuan 190 delegatu bilduko dira, gehienak emakumeak (%70). Marikruz Elkoro, egungo idazkari nagusia, izango da kargu honetan jarraitzeko aurkeztuko den hautagaia.

Zerbitzuak federazioak aitzindaria izan nahi du pobreziaren, prekarietatearen eta desberdintasunaren aurkako borrokan; horretarako ezinbestekoak dira genero ikuspuntutik egindako diagnostiko eta analisiak: Prekarietateak eta desberdintasunak bereziki eragiten die emakumeei. Kongresuan aztertuko diren beste gai batzuk honako hauek dira: negoziazio kolektiboaren estatalizazioa -estatuko lan-hitzarmenek miseria dakarten heinean-, enpresa pribatu eta publikoetan ezartzen den azpikontratazioa eta outsourcing edo zerbitzuen esternalizazioa.

Irakurri ponentzia

GIZALAN, guztiona defendatzen

Abenduaren 14an Gasteizen Gizalan federazioak deitu du bere kongresua, “GuztiONA defendatzen”. Zerbitzu publikoetako langileak antolatzen dituen federazioaren biltzar honetan 231 delegatuk hartuko dute parte, gehienbat emakumeak izango dira. Igor Eizagirre izango da idazkari nagusirako hautagaia, egun duen ardurari eusteko asmotan.

Gizalanen helburuak, besteak beste, honako hauek izango dira: Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketen aurkako borroka, edota zerbitzu publikoak defenditzea, administrazioak garatzen ari diren pribatizazio politiken aurka. Halaber, enplegu publikoaren galera eta aldi baterako enpleguaren hedapena ere datozen urteetan gainditu beharreko arazoak izango dira.

Bizkaiko zahar etxeetako langileen borroka eredu bilakatu da federazio honentzat, izan ere, sektore feminizatu batean lan-baldintza duinak lortzeko emakumeak izan dira protagonista.

Irakurri ponentzia

INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA, geurea berreskuratzera

Abenduaren 19an, berriz, Industria eta Eraikuntza Federazioaren (IEF) txanda izango da; bere II. Kongresua Donostian egingo du, “Langile indarra. A por lo nuestro” leloarekin. Unai Martinez egungo idazkari nagusia izango da datozen lau urteetan federazioaren buru izateko hautagaia.

Krisi urteetan galdu dena berreskuratzea izango da Federazioaren helburua kongresu ostean hasiko den aldirako. Horretarako IEFek negoziazio kolektibo oldarkorra egiten jarraituko du; lan-hitzarmenen bidez erreformei eta prekarietateari aurre egingo die, horretarako soldata igoera onak eta lanaldia murriztea aldarrikatuz. Industriaren etorkizunaz ere jardungo dira kongresu honetan.

Eraikuntza alorrean, lan hitzarmenen aplikazioak erronkarik handiena izaten jarraitzen du.

Irakurri ponentzia