ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietaren adierazpenak, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez Auzitegi Nazionalaren aurrera ager daitezen deitu dituztela-eta

2006/02/02

ELAk onartezina irizten dio Auzitegi Nazionalaren azken erabaki honi. Epaileek deitutako hiru pertsonak buruzagi politikoak dira; politikari diren heinean jokatu dute, eta euskal gizarteak zein erakunde politiko eta sozialek halakotzat ikusten dituzte.

ELAren ikuspegitik, berriz, Batasunaren esparru politikoaren ordezkari dira; esparru hau errealitate bat da, eta ELAk berarekin harreman normalak ditu. Beraz, Auzitegiaren erabaki hau aspaldian hasitako jazarpen estrategiaren beste urrats bat besterik ez da, ELAk inondik ere ontzat eman ezin duena eskubide eta askatasunen ikuspegitik, eta guztiz okerra politikari dagokionez.

Kontua are larriagoa da goian aipatutako hirurak auzitegira deitzeko arrazoia Anoetako ekitaldia izan dela jakinik, ekitaldi hura euskal politikan garrantzi handiko mugarri bat izan baitzen. Ekitaldi hura bultza zutenek eta gure sindikatuak egoera politikoaren azterketa desberdinak egin baditzakete ere, ELAk Anoetako bilkura eta hark ekarri duen prozesua medio ziklo berri bati ekiteko borondatea argia dela irizten dio; garai berri honen gakoa gatazka bide politikoetatik bideratzea litzateke. Nire ustez, indar politiko eta sozial gehienak bat datoz iritzi honekin.

Beraz, estatuko botereek, batik bat Auzitegi Nazionalak, herritar hauen aurka daramaten jazarpena amai dadila eskatzen dugu; jazarpen horren xede bakarra euskal gatazkaren konponbide prozesua saboteatzea da.