ELAren iritziz, estatu-hitzarmena erreferentzia kaltegarria izango da metalgileentzat

2010/09/17
Metalgintzako lehen estatu-hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu da Madrilen.Bileran Unai Martinez ELAko Metaleko federazioko idazkari nagusiak kritika egin dio estatu-hitzarmenari, “soldata galera handia eta sektoreko lan-baldintzetan atzerakada” ekarriko baitu.

 

Irailaren 17an osatu da Madrilen metalgintzako lehen estatu-hitzarmena negoziatzeko mahaia. Bileran ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek parte hartu dute; sindikatuok Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian gehiengo zabala dute, eta beren ordezkaritza Nafarroan aintzat izateko modukoa da. ELAk eta LABek salatu egin nahi izan dute estatu mailako sindikatuei ez dagokiela euskal metalgileen lan- eta soldata-baldintzak negoziatzea.

Bileran Unai Martinez ELAko Metaleko federazioko idazkari nagusiak kritika egin dio estatu-hitzarmenari, “soldata galera handia eta sektoreko lan-baldintzetan atzerakada” ekarriko baitu. Bere iritziz, kontutan izanik Hego Euskal Herriko lau hitzarmenetan jasotako lan-baldintzak eta soldatak estatu mailakoak baino askoz hobeak direla, euskal langileek piskanaka soldata okerragoak eta lanaldi luzeagoa izango lukete, eta urtetako borroka sindikalari esker lortutakoa galduko litzakete. Hain zuzen, Martinezek kargu hartu die UGT eta CCOOei, gaur goizeko bileran metalgileen lan-baldintzak eta soldatak murrizte aldera berdintzeko prest agertu baitira.

ELA-Metaleko idazkari nagusiarentzat, honekin lotuta dago Adegi patronalak azken hiletan negoziatzeko agertu duen borondate eskasa. Adegi Madrilgo mahaiak eta aurki erabakiko den negoziazio kolektiboaren erreformak ematen duenaren zain dago; besteak beste, erreformaren ondorioz negoziazioa zentralizatuko litzateke. “Adegik Gipuzkoan negoziatzerakoan estatu-hitzarmena erreferentzia izatea nahi du, baina hau ELAk ez du onartuko. Horregatik, ELAk, LABekin batera Gipuzkoako metal sektorean bederatzi eguneko greba deitu du”.

Martinezek nabarmentzen du UGT eta CCOOek eta Confemetal patronalak  lurralde eta enpresa mailako negoziazioa hustu nahi dutela, baita zentralizatu ere, lurralde-hitzarmenak desagerrarazita. Hori dela-eta, bileran UGT eta CCOOei exigitu die ez dezatela bereganatu euskal esparruan ez dagokien ordezkaritza bat, eta ez daitezela saiatu estatu-hitzarmen hau ezartzen, metalgileen lan-baldintzak okertuko bailituzke.