ELAko Nazio Batzordearen komunikatua
-
Lehenik, zorionak eman nahi dizkiegu joan den larunbateko manifestaziora deitu (eta honekin bat egin zuten) antolakundeei, izan ere, erreakzio gaitasun handia erakutsi baitzuten eskubide zibil eta demokratikoen aurkako astakeria baten aurrean (presoen eskubideen alde egun horretarako deituta zeuden ekitaldien debekua). Deialdiak gure gizartean gehiengo handiaren sentipenarekin bat egin du. Zoriondu beharrekoak dira baita ere Euskal Herrian inoiz izan den manifestaziorik handiena posible egin zuten herritarrak.
-
ELAk berriro egiaztatu du PP Estatuan egiten ari den inboluzioa zein larria den. Alderdi hau eskuin muturrarekin lehian ari da, eta oztopo politiko bihurtu da edozertarako, normalizazio politikorako, gatazka politikoa bideratzeko; gainera, agenda ultraliberala eta zentralista ari da ezartzen gai ekonomiko eta sozialetan.
-
Euskal Herrian aldebakarreko urrats garrantzitsuak egin dira normalizazio politikoa finkatzeko (etorkizunean are gehiago beharrezkoak izango dira). Aspaldian espero ziren urratsak. Halere, espainiar gobernuak ebidentzia ukatu eta bere aldetik errepresioa zein debekua besterik ez du jartzen; bere ekintzak paranoia baten emaitza dira, izan ere, euskal ordezkaritza politikoaren zati bat legez kanpo zegoen garaien antsiz baitago.
-
ELAren iritziz garrantzitsua da ondorio bat: PPren ukapena esparru guztietara hedatzen da, baita Gasteizko gobernuak kudeatzen dituen agenda politikoko gaietara ere. Gure ustez ez dago harreman bilateralik garatzeko aukerarik inposizio gordinaren eragile direnekin. Ez dago aldebiko harremanik, ez bada menpekotasuna onartzen. Espainiako gobernutik datorren eraso maila horrekin normaltasun instituzionala ezin da izan euskal politikaren iparra.
-
Proiektu politikoen arteko lehia ahalbidetuko duen normalizazio politikoa nahi dugunontzat eta gure herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lan egin nahi dugunontzat joan den larunbateko mobilizazioa ez litzateke salbuespena izan beharko; hau hala izatea deialdi honetan parte hartu dugun guztion ardura da. Ikur politiko berrien garaian gaude, eta hauek larunbatean Bilbon egon ginenon artean egindako hausnarketatik etorri behar dute; baita gizartearen parte hartze aktibotik ere: hau gabe ez du etorkizunik izango Madrilekin aurrez-aurre jarri nahi duen proiektu politiko batek ere.