ELAko NAZIO BATZORDEAREN KOMUNIKATUA EUSKADIKO ERKIDEGOAREN ESTATUTU POLITIKOAREN PROPOSAMENARI BURUZ
Eusko Jaurlaritzak joan den larunbatez Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren proposamen bat onartu du eta Legebiltzarrera eraman du, ganbera autonomikoan tramitatze aldera. Proposamen honen ildo nagusiak duela urtebete baino gehixeago iragarri zituen EAEko lehendakari den Juan Jose Ibarretxek Legebiltzarrean, normalizazio politikorako eta bakezko bizikidetzarako proposamen legez.
Gogora dezagun Nazio Batzorde honek proposamena aurkezteari ongi iritzi ziola: "mugarri politiko berri bat ezartzen du, eta eztabaida estatuak emana eta badaezpadakoa den autogobernuak mugatzen duen egungo esparrutik ateratzeko aukera eman dezake". ELAren iritziz, proposamenak eskenatoki berri eta egokiagoa zabaltzen zuen, hainbat galdera erantzuteke uzten bazituen ere.
Hain zuzen, ELAren Nazio Batzordeak zalantza azaldu zuen funtsezko jotzen zuen auzi bati buruz, lehendakariak prozesua sustatzeko zein "aliantza politiko eta sozial" aukeratu zuen, alegia. ELAren aburuz, aliantza horiek hedatzea ezinbesteko baldintza zen "prozesua behar bezala hedatu, sustraitu eta finka" zedin.
Bestalde, ELAk orduan zioenez lehendakariaren ekimenak eztabaida politiko eta sozial bati ekiteko aukera eskaintzen zuen, proposamenarekiko harreman dialektikoaren ondorioz minimoen sintesi bat eman zezakeena, eta "euren etorkizuna egituratzeko azken hitza Euskal Herriko hiritarrei" ematearekin (Lizarra-Garaziko adierazpena) bat datorren indar ororentzat erreferentzia komun izan zitekeena.
Lehendakariaren aurreneko proposamen haretatik hona igaro den urtea ez da erraza izan. Esparru politikoan, estatuak mugimendu abertzaleko sektore bati parte hartzeko eskubidea ebatsi dio eta erakundeetatik egotzi egin du; gainera, azken hamarkadetan ikusi gabeko eraso bati ekin dio Ibarretxe lehendakariaren ekimenaren aurka. Bere aldetik, ETAk bere jardunari eusten dio eta estatuak errepresioa areagotu egin du, terrorismoa egotzi zaienen aurkako mendekuaren estrategia muturreraino eramanik; gainera, antiterrorismoa hartzen du aitzakiatzat nazio eraikuntzarako funtsezkoak diren kultura, gizarte edo politika esparruko egitasmoen aurka jotzeko. Zuzenbide-estatua, botereen bereizketa, funtsezko eskubide eta askatasun publikoekiko errespetua oso egoera txarrean daude.
Kontua da, batetik egoera oso zaila delako eta, gure iritziz, borondate nahikoa ez zegoelako, ez dela Legebiltzarrak 2002ko uztailaren 12an onartu zuen ebazpenean aipatzen zen modukorik gertatu, hots, "euskal gizarte osoan ireki eta sustaturiko prozesu bat, non eragile politiko, ekonomiko, sindikal, sozial eta kulturalek parte hartze handiena izango duten"; hauxe zen, ebazpen haren arabera, esparru berri bat taxutu ahal izateko bidea.
Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean eztabaidatzeko onetsi duen Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren testuari buruz, berriz, ELAren Nazio Batzordeak proposamenaren ildo nagusiei eta bere inguruko baldintzei buruzko iritzia plazaratu nahi du, puntuz-puntuko xehetasunak epaitu gabe.
1. ELAren Nazio Batzordeak Eusko Jaurlaritzak onartutako testuak osagai positibo garrantzitsuak dituela uste du: euskal nazioaren autodeterminazio-eskubidea zein printzipiotan oinarritzen den; eredu politiko eta sozial aurrerakoi baten hautua (esan beharra dago, halere, hau ez datorrela Jaurlaritzaren politikarekin bat), edota eskumenak egituratzeko ildo nagusiak. Bestalde, proposamen artikulatua plazaratzeak eztabaida politikoa azkartu egiten du, beroni zehaztasun maila handiagoa ematen dio eta atzera egiteko aukera gutxiago uzten du.
2. Eusko Jaurlaritzaren proposamena, noski, adostasun baten fruitu da: Gobernu autonomoa osatzen duten hiru indar politikoen artekoa. Alabaina, ELAren Nazio Batzordearentzat adostasun maila hau ez da nahikoa. Kontua ez da proposamena zilegi ez denik "aitzitik, erabateko zilegitasuna du"; ordea, zinezko garrantzia duen auzi bati heldu eta epe luzerako ezarri nahi ditu gatazka politikoaren zein bizikidetza demokratikoaren oinarriak. Hori dela-eta, ELAren iritziz proposamenak autodeterminazio-eskubidearen onarpenean bat datozen indar guztien adostasuna izan beharko luke, gutxienik ildo nagusietan.
3. ELAk ongi aski daki indar ezberdinentzat oinarrizko akordio horiek lortzea zein zaila den. Baina akordio horiek izan ezean, Eusko Jaurlaritzaren proposamenarekin hasten den prozesua beharrezko indar batzuk bildu gabe hasten da, eta normalkuntza politikoa iristeko helburuak oso mugatuta geratzen dira.
4. Beraz, datozen hiletako lehentasuna autodeterminazio eskubidearen aldeko indarren artean gutxieneko akordio batera ailegatzean datza, gutxienik honako puntuak aintzat hartuta:
a. Gatazka politikoari konponbidea emateko egitasmo bat, zeina indar horiek guztiek beren proiektua gauzatu ahal izateko baliagarri eta nahikotzat joko baitute. Hartara, bereizi egin beharko lirateke auziaren bi atal: gauza bat da euskal herritarrek askatasunez erabakitzeko eskubidea dutela aitortzea, eta beste bat erabaki hori gauzatzerakoan zein formula jakin erabiliko den.
b. Bere esparru instituzionalera mugatuta izanik, Eusko Jaurlaritzaren proposamenak ikuspegi nazionaletik dituen hutsuneak osatuko dituen akordio politiko bat. Nazio Batzorde honek lehendakariaren proposamena lehenengoz aurkeztu zenean esan zuen legez, "ezinbestekoa da Euskal Herriko ikuspegi orokorra aintzat hartuko duen estrategia paralelo eta osagarria; estrategia honek prozesuari beharrezko jite nazionala emango dioten erreferentzia eta bitarteko demokratikoak finkatu behar ditu".
c. Minimoei buruzko akordioa eta hau gizartean ezagutarazteko asmoaren defentsa jorratzeko bideei buruzko akordioa. Izan ere, orain arte lehendakariak bultza duen proiektua esparru instituzionalean eta hedabideen eztabaidan gauzatu da, eta arrazoi bat edo bestea medio, gizarteko antolakunde, talde eta mugimenduek ez dute parte hartu eta inplikatzeko aukerarik izan. Eta ELAk ez du uste prozesuak aurrera egiteko oztopoak saihets daitezkeenik "dagoeneko agertzen hasiak dira", atzean auziaren kontzientzia duen gizarte antolatu eta mobilizaturik ez badago; gizartea bateratzeko bidea batik bat prozesuarekiko konpromiso aktiboa izan daiteke.
5. Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren proposamena epaitzen duen lehen aldi honetan ELA, erakunde sindikala den aldetik, testuak langileen lan- eta bizi-baldintzetan eragin zuzena duten eta, ondorioz, zuzen-zuzenean sindikatuon ardurapean dauden bi gairi buruzko epaia ematera behartuta dago: Gizarte- zein Lan-politikak eta enpleguari buruzkoak, batetik, eta gizarte-babes politikak, bestetik.
Zalantzarik gabe, proposatutako erregimena egungo egoera baino askoz ere hobea da. Baina ELArentzat kezkatzekoa da hasieratik lan-esparruko eta Gizarte-Segurantzako gaiak Euskadiko Erkidegoari eskumen esklusibo legez ez aipatzea, beste batzuk agertzen diren moduan.
Eusko Jaurlaritzaren proposamenak gizarte- eta lan-esparruko eskumenak honela gauzatuko direla dio: "kontuan izango ditu langile eta enpresariek dituzten oinarrizko eskubide eta betebeharrak, hain zuzen Estatuan eta Europa mailan zehaztutakoak" (53.1 artikulua). Aldiz, Gizarte-Segurantzari buruz testuak jasotzen duenez (54. art.), euskal erakundeen eskumena litzateke "Estatuak gizarte-aurreikuspenaren eta gizarte-segurantzaren arloan duen legeria garatzea, eta baita gizarte-segurantzako sistema publikoa kudeatzea ere erkidegoan" (54.2 art.); dena dela, kutxa bakarraren printzipioa bermatzen du, "Estatu osoko gizarte-segurantzako sistemako baliabideen titulartasunaren batasunaren printzipioa" aitortzen baitu (54.3 art.). Lan arloko eta gizarte-babesarekiko gaiak gizartearen gehiengoarentzat funtsezkoak dira, bere lan- eta bizi-baldintzengan eragin zuzena baitute, eta justizia sozial handiagoko politikak garatzeko ezinbesteko tresnak baitira. Hain zuzen, urteotan lan-arloko eta gizarte-segurantzako gaiek ia beste edozein esparruk baino gatazka gehiago eragin dute Estatutuaren erregimenari eta bere aplikazioari buruz. Sindikatu abertzaleok aspaldidanik salatu izan dugu 1979ko Estatutuak gai horiei buruz biltzen zituen eskumen gutxi horiek ere ez direla bete, hustu egin dituztela edo irakurketa murriztaileak egin direla; horregatik, ezin da ontzat eman lan- eta gizarte-gaietan EAEren eskumenak estatuarekin partekatzerik.
Izan ere, Estatutuaren garaian zerbait ikustekotan, hauxe izan baita: gai partekatuetan estatuak baditu oinarrizko araubide jotzen duena mugarik gabe hedatzeko baliabideak, hein berean beste eskumen-esparru batzuk gutxitzen dituelarik. Zuhurtzia hutsagatik, gai horiek erregimen orokorreko politika publiko esklusiboen artean sar daitezela galdegiten dugu.
Azkenik, Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoaren proposamena onartuta hasten den prozesuan autodeterminazio eskubidearen aldeko indarren arteko oinarrizko adostasun horren alde egingo du lan ELAk esparru sindikaletik bertatik hasita, eta adostasun hori xedetzat duten ekimenetan parte hartuko du.
2003-10-27.