NAZIO KONTSEILUA

ELAko Nazio Kontseiluak 16. Kongresu konfederalerako deialdia egin du; Bilbon izango da, 2025eko ekainaren 2 eta 3an

2024/06/07
Sindikatuaren kongresu arteko organo gorenak Mikel Noval ordezkatzea erabaki du; Batzorde Eragileko Politika Sozialeko eta Ingurumeneko haren ardura Aitor Murgiak hartuko du.

ELAko Nazio Kontseiluak gaur Bizkaiko Abokatuen Elkargoan izan den bileran erabaki du 16. Kongresu konfederalaren deialdi ofiziala egitea; biltzarra 2025eko ekainaren 2 eta 3an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Honela ekingo zaio kongresuan sindikatuko afiliatuen ordezkarien hautaketa prozesuari.

Halaber, Nazio Kontseiluak onartu du, sindikatuaren estatutuen arabera, Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduraduna ordezkatzea. Jakina denez, Nazio Batzordeko arduradunek 59 urte betetzen dituztenean beren ardura utzi behar dute; honen xedea da sindikatuaren zuzendaritzan belaunaldien txandakatzea bultzatzea (estatutu konfederalen 19.4. artikulua).

Nazio Kontseiluak erabaki du Mikel Novalen ordez Aitor Murgia (Bilbo, 36 urte, ekonomiako lizentziaduna), zeinak egun Azterketa Bulegoan eta ELAko nazioarteko arloan diharduen. Murgiak abuztutik aurrera hartuko du Novalen Batzorde Eragileko ardura.