ELAko Nazio Kontseiluak osasun publikoaren egoera salatu du

2005/09/21

ELAko Nazio Kontseiluak urtean egiten dituen hiru bileretako bat egiten ari da. Kontseiluak, kongresuen arteko organo gorenak, 186 partaide ditu eta konfederakuntzaren eraketa profesional eta lurraldeko ordezkaritza parekidea jasotzen du.

Gaurko bileran aurrekontu eta antolakuntzarekin loturiko hainbat gai ditu Nazio Kontseiluak eskuartean. Antolaketa alorrean Joseba Villarreal-en izendapena dago. Gaur arte Metalgintza Federazioko antolaketa arduraduna zena, Batzorde Exekutiboko kidea izango da, Sebastian Andreuk utzitako lekua hartuz. Sebastian Andreu, berriz, Bilboko Eskualdeko arduraduna (afiliazio gehien duen eskualdea) izan den Jose Mari Larrañaga-ren lekua hartuko du, honek kargurako arauzko adina betetzeagatik ardura uzten baitu.

Kontseiluak iragan irailaren 12an Batzorde Nazionak onartutako Burujabetza irabazteko konfrontazio demokratikoa prestatu dokumentua aztertu du.

Antolakuntza eta euskara arduraduna den Leire Txakartegik ELAren euskararen normalizaziorako plana aurkeztu du. Txakartegiren txostenaren arabera, plangintzak aurrez zituen helburuak egoki betetzen ari dira, hots,. sindikatuko arduradun eta zerbitzuetako kideen formazioa, argitalpen elebidunak, kanpo eta barneko euskalduntzea eta euskararen bultzada lan arloan.

ELAko Batzorde Nazionalak osasun publikoari buruz sindikatuko bulego teknikoak zuzendutako txostena aztertu du. Erakunde publikoek bultzatzen duten gizarte ereduaren azterketa kritikoaren bidetik dator txosten hau, eta etxebizitza, fiskalitatea edo aurrekontuei buruz azkenaldi honetan plazaratu diren lanei gehitu behar zaie. Jakina den bezala, ELAk kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzen du, eredu sozial aurrerakoi baten atal nagusi bezala.

Txostenak osasun sistemaren ikuspegi zabala ematen du, azken urteotako bilakaera eta Europako Batasunaren beste herrialdeekiko konparaketa bezala. Era berean, proposamen zehatzak ere egiten dira.

Nahiz eta gure osasun publikoaren arduradunak zalaparta handiz zabaltzen ahalegindu, osasun publikoa nabarmenki hobetu daitekeela dio txostenak, eta egungo aurrekontu politikak eta gestio neurriak beregan eragin ezkorra dutela.

Adminsitrazioek pribatizazio eta zerbitzuen azpikontratazioei ematen dioten babes kaltegarria gaitzesten du, joera honek ez baitu zeharka ere osasun publikoaren kalitatearen hobekuntza bermatzen.

Txostenak azpimarratzen duenez, osasun arloko gastu publikoa Europako Batasuneko txikiena da, kalitatezko ahalegin publiko ezaren adierazgarri. Arlo honetan ematen diren behar berrien aurrean osasunerako aurrekontuak orokorki gehitzeak ez direla nahikoak erakusten du txostenak.

Osasun publikoaren azterketa egokia egiteko erabili behar den neurria Barne Produktu Gordinak (BPG) osasun sistema publikoan ordezkaten duen kopurua da; kopuru hori %4,9 da Nafarroan, eta %4,3 Euskal Autonomia Erkidegoan. Bien bitartean, Espainiar Estatuan osasun gastuei eskaintzen zaien kopurua BPGaren %5,4 da. Hiritar bakoitzeko dagoen ohe kopurua egiten den ahalegin ekonomiko txikiagoaren adierazle da; kopuru hori Europako Batasunean baina txikiagoa da Nafarroan eta EAEn.

Txostenak salatzen duenez, aurrekontuetatik osasunari behar adina baliabide ez eskaintzeak osasun publikoan lan egiten duten lagunen lan baldintzen okertzea dakar, eta, horren ondorioz, osasun zerbitzuen kalitatearen narriadura. EAE eta Nafarroako osasun sistemen datuen analisi sakon bat egin ostean, txostenak zazpi alorretan banatu daitezkeen proposamenak egiten ditu: osasunean gastu publikoaren handitzea, osasun publikoaren sarearen handitzea, sare publikoa sendotzea, baliabide materialen handitzea, itxaronaldian dauden pertsonen zerrenden hobekuntza, etorkin eta emakumeentzako zaintza hobea eta pertsonalaren inguruko politika egokiagoa.

Iruñea, 2005eko irailaren 22an