ELAko ordezkaritza bat, Istanbulen bildu den Europako Gizarte Foroan

2010/07/02
Laura Gonzalez de Txabarri ELAko nazioarteko saileko arduradunak gaur, hilak 2, krisiak dakartzan erronkei buruzko eztabaida batean hartuko du parte, beste ordezkari sindikal europar batzurekin batera. Aurtengo mezua, “Beste Europa bat beharrezkoa da. Ordain dezatela krisia”

 Aurtengo Europako Gizarte Foroaren ekitaldian ELAk, ESK eta STEE-EILASekin batera Anitza kolektiboa osatzen duelarik, mundu mailako krisiaren inguruko hainbat mintegitan hartuko du parte. Hain zuzen, gaur “Krisiari aurre egin: Borroka sindikalak Europan” izeneko saioan hitz egingo du, Greziako ADEDY, Italiako FIOM, Turkiako KESK eta Frantziako FSUrekin batera. Helburua Europan egiten ari diren mobilizazioak aztertzea da, batik bat ekainean EBko hainbat tokitan izan diren greba orokorrak.

 

Laura Gonzalez de Txabarri ELAko nazioarteko arduradunak azken urte eta erdian Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak deituta egin diren bi greba orokorrak aipatuko ditu, azkena ekainaren 29koa; greba hauen xedea, erreforma laborala eta administrazioek hartu dituzten erabaki antisozialak salatzea.

 

Gainera, Gonzalez de Txabarrik krisiari aurre egiteko dekalogo sindikalean jasotako proposamenak ere azalduko ditu. Dekalogo hori izan da hainbat hilabete luzatu den kanpaina zabalaren ardatza; honen buruan proposamena babesteko 130.000 sinadura bildu ziren.

 

ELAko arduradunaren ustez, Europako seigarren gizarte Foro hau egiten ari den unean kapitalismo neoliberalaren krisia langile-klasearen kontrako gerra gordina bilakatzen ari da: soldata eta pentsioen murrizketa latzak, lanpostu galera beldurgarria, zerbitzu publikoei egindako etengabeko erasoak, etab.

 

Krisia eragin zutenek (enpresaburuek, finantza-espekulatzaileek eta gobernu neoliberalek) orain herritarren gehiengoari ordainarazi nahi diote, krisiaren sorrerarekin zerikusirik ez duten horiei alegia: langileak, langabeak, pentsiodunak, gazteak, emakumeak, immigranteak...

 

Geldiarazi egin behar ditugu orain; hau da aberastasuna nola banatzen den eztabaidatzen hasteko unea, eta krisia sortu zutenei ordainarazteko ordua. Orain, inoiz baino areago, kapitalismo neoliberalari aurre egiteko nazioarte mailako erresistentzia eta alternatibak eratu behar dira. Langileok Europan zehar egiten ari garen nazio mailako borrokak borroka zabalago batekin osatu behar ditugu.

 

Bilbo, 2010eko uztailaren 2a