ELAko Urola-Kostako eskualde-batzarraren oharra Azkoitiko Udalbatzarraren inguruan

2006/01/26

ELAko Urola-Kostako eskualde-batzak bere jarrera azaldu nahi du egunotan Azkoitian gertatzen ari diren gauzak, adierazpenak eta ekinbide politiko nahiz instituzionalak direla-eta. Hauen guztien ardatza Auzitegi Nazionaleko Zigor alorreko lehen atalaren erabakia da: Ramon Baglietto UCDko militantearen hilketa zela-eta bere garaian espetxe-zigorra bete zuten bi herritarren ondasunak bahitzea erabaki du epaitegi horrek duela bi aste.

1. Badakigu polemika honen erroan atzera bueltarik ez duten gertakari larriak daudela. Urte dezente igaro den arren, inola ere ezin da hori ahaztu, ez eta saihestu ere zer nolako zirrara eragiten duen oraindik hildakoaren senide eta lagunengan.

2. Alabaina, ELAren ustez ez da ahaztu behar hilketa haren arduraduntzat jo zirenei zigorra ezarri zitzaiela, eta beren bizimodua berregiteko eskubidea ere zor zaiela; hartara, iraganean eragindako kalteek konponbiderik izan ez arren, ezin dira orain oztopo gaindiezin bihurtu, noiznahi zabal daitekeen eta behin eta berriz epai eta zigor berriak ekar ditzakeen auzia bilakatu.

3. Horrek guztiak eskubide eta sentipen desberdinen gatazka dakar, eta gatazka horri kontu handiz, zuhur heldu behar zaio; edonola ere, egoera hau ez da alderdien arteko norgehiagoka politikoak sustatzeko erabili behar, ez bizikidetza tenkatzeko ere.

4. ELAk beharrezkotzat jotzen du, gainera, gertakari hauek ikuspegi zabalago batetik ulertzea, gure herriaren baketze prozesuaren ikuspegiatik . Beraz, akordioak lortu behar dira "gizarte eta alderdi politikoen adostasun eta babes zabalarekin, legitimazio handiarekin" (2005eko irailean ELAko Nazio Batzordeak egin zuen adierazpenak dioen legez), giza-eskubideak eta biktimen eskubideak hitzarmen politiko eta sozial batean aintzat har daitezen, alderdien arteko dinamika eta lehiatik at.

5. Bakearekiko konpromisoa bizitzako egoera oso konplexuetan garatzen da. Horregatik, dei egiten dugu bai auzi honekiko adierazpenak eta jarrera publikoak egiterakoan, bai eguneroko elkarbizitzan, pertsonen eta hauei zor zaizkien eskubideen errespetua aintzat har dadin.