ELAren apustua, pluraltasuna eta balio demokratikoak aintzat hartzen dituen EITB lortzea

2009/11/02
Inkonpetentzia eta zentsura kasuak salatzen ditugu.

EITBko zuzendaritzan aldaketa izan zenetik nahikoa denbora igaro delarik, erakundean sindikatu nagusi den ELA oso kezkatuta dago erabakitako informazio-politika, lan-eskubideen egoera eta enpresa publikoaren kudeaketa ikusirik. Hartara, sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

a) EITBko langileok berriro aldarrikatzen dugu gure profesionaltasuna, eta erakunde publikoa helburu alderdikoietarako ez dadila erabili eskatzen dugu.

b) Informazio objektiboa ahotan hartuagatik, boterean diren alderdiek beren interesetara makurtzen dute informazio-politika eta irrati-telebista publikoaren kudeaketa. Lehen egin izan dute, eta orain hala jarraitzen dute.

c) Euskal irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusi izendatu zutenean, Alberto Suriok esan zuen EITB “balio demokratikoekin, bakearen eta bizikidetza bilatzearekin eta pluralismoarekin” konpromisoa duen zerbitzu publiko bat izango zela. Bada, hartutako erabakiek eta gertatutakoek gezurtatu egin dituzte baiespen hauek.

d) EITBn berregituratze arbitrario bat ari da gertatzen, klientelismo politikoak eta sindikalak gidatuta.

e) Gainbehera orokorraren adibide bat izan da gertatu diren hutsegiteen ondorioz oposizio-froga bateko azterketa (Radio Euskadiko erredaktore-hizlari eta Euskadi Irratiko teknikarientzat) bertan behera utzi izana.

f) Halaber, salatu beharrekoa da EITB finantzatzen duten aurrekontu publikoen erabilpen desegokia. Gastua murriztu behar dela esaten dute, baina praktikan irizpide hau ere lehentasun politikoen menpe jartzen da, kontratu merkantilak zenbat ugaldu diren ikusirik.

g) EITBn gertatzen ari denak kalte handia egiten dio erakunde publikoari. Ikusle kopuruen jaitsierak adierazten du euskal gizartean oihartzuna txikiagoa dela, eta horrela ondasun publiko baten ospea galtzen da.

h) Hemen aipatu ditugun erabaki guztiak bat datoz pluralismo ezarekin eta Legebiltzarreko alderdiek EITBko Administrazio Kontseiluaren inguruan hartu zuten erabakiarekin: ordezkari sindikala izendatzerakoan gehiengoaren arauak mespretxatu egin zituzten.

i) Halaber, aipatu beharra dago ere gehiengo sindikalaren inguruko informazio urri eta sesgatua, eta egiten dituen proposamenak nola ezkutatzen diren.

Salatu egiten dugu EITBko zuzendaritzak hitz hutsalak erabiliz ezkutatu egin nahi duela bere hautua: boterearen menpeko politika, kazetaritza objektiboa bazter utzita. EITB estatua uniformatzeko tresna bihurtu nahi dute.