ELAren ESPETXEETAKO SEKTORE-BATZORDEAREN KOMUNIKATUA

2004/01/22

Jose Manuel Azkarate Ramos presoari
baldintzapeko askatasuna kendu diotela-eta

Jose Manuel Azkarate Ramos presoari baldintzapeko askatasuna kendu diotelarik, bere garaian gaixotasun larri eta sendaezina medio erabakitakoa, eta berriro espetxeratzea agindu dutelarik, ELAren espetxeetako sektore-batzordeak honakoa adierazi nahi du:

1. Auzitegi Nazionaleko Espetxe-Zaintzako epaitegi zentralak erabaki hori hartzerakoan ez du behar bezala aintzat hartu Azkarateren gaitzaren larritasuna, ez eta baldintzapeko askatasunarekin batera ezarri ziren baldintzak eta kontrolak betetzen zenbat denbora egin duen ere. Jose Manuel Azkarateren egoera berria oso arriskutsua da bere osasunerako, eta oraindik aurreikusteko zailak izan daitezkeen ondorioak eragin ditzake.

2. Edozein moduz, erabakia guztiz neurrigabea da, eta berriro frogatzen du kode penalean eta espetxe-legerian duela gutxi ezarri diren aldakuntzek "besteak beste, Espetxe-zaintzarako Epaitegi zentrala bera sortzea" alderdirik errepresiboenak azpimarratzen dituztela, eta preso daudenen eskubideak urratzeko aukera zabaltzen dutela.

3. Beraz, erabaki hori bertan behera gera dadila eta Jose Manuel Azkarate Ramos berriro baldintzapeko askatasunean jar dezatela eskatzen du ELAren espetxeetako sektore-batzordeak.

4. Azkenik, zenbait hedabidetan agertu diren informazioak okerrak direla salatzen dugu; izan ere, Martuteneko espetxeko gizarte-laguntzaileek ez baitute inolako ardura nahiz parte hartzerik izan Azkarateren hileroko kontroletan, eta, beraz, ezta epaileari ematen zaion txostenetan ere.

2004ko urtarrilaren 22an