ELAk ezker abertzalearen legalizazioa eskatzen du

2010/11/30
Aipatzekoak dira, batez ere, “bide politiko eta demokratiko hutsei” eusteko borondatea, eta konpromiso hau ez egotea “aldagai taktiko edo unean-uneko faktoreen” mende.

Legez kanpo dagoen ezker abertzaleak proiektu politiko eta antolakunde berria eratzeko oinarriak aurkeztu dituelarik, ELAk honakoa adierazi nahi du:

“Alderdien Legea” eta auto nahiz auzibideak erabiliz hautes-zerrendak eta alderdiak legez kanpo utzi izan dituzte azken zortzi urteetan; garai izugarriak, inondik ere, Espainiako Konstituzioak aitortzen dituen eskubide eta askatasunak mugatu baitituzte. PSOEk eta PPk 2000ko abenduan hitzartu zuten itun antiterroristaren helburua, hain zuzen, eskubide horiek etenda uztea zen, orain legez kanpo dagoen esparru politiko eta soziala desagerrarazte aldera.

Itotze politika horri jarraituz, Espainiako gobernuak eta PPk legez kanpo utzitako ezker abertzaleari legalizatzeko ezarri dizkioten baldintzak ez zaizkio estatuan dagoen beste alderdi eta joera politiko bati ere eskatu, ez lehen, ez orain. Baldintza horiek ageriko adierazpen batekin lotuta zeuden, hots, bortizkeria eta bortxa borroka politikorako tresna gisa erabiltzeari uko egitearekin.

Horregatik, ELAren iritziz, berebiziko garrantzia du ezker abertzaleak proiektu politiko berri bat eratzeko oinarriak aurkeztu izanak. Aipatzekoak dira, batez ere, “bide politiko eta demokratiko hutsei” eusteko borondatea, eta konpromiso hau ez egotea “aldagai taktiko edo unean-uneko faktoreen” mende. Oso ongi irizten diogu ere “helburu politikoak lortzeko metodo legez bortizkeria edo hau erabiltzeko mehatxua” hitzez-hitz baztertzea.

Adierazpen honekin bertan behera geratzen dira estatuak ilegalizazioa erabakitzeko aipatu zituen arrazoiak. Beraz, adierazpen hau sinatzen dutenak legeztatzeko ukapena ezin da onartu. Berriro ere, deitoratu beharra dago honen gai larrian espainiar iritzi publikoaren aitzindari ibilibide demokratiko laburra edo hutsa izan duten eragileak izatea; areago, gobernu sozialistaren ildo politikoa baldintzatzera ere iristea, euskal auziari dagokionez. Gero eta nabarmenagoa da hedabide eta politikako hainbat sektoreren erabakia: Euskal Herriko egoera politiko normalizatuaren gabezia eurentzat etekin politikoak lortzeko erabiltzea.

ELAk badaki estatuak ez duela honez gero alderdien lege antidemokratikoa aldatuko. Baina ez du ontzat ematen sigla politiko bat legeztatzeko exigentzia maila gorago edo beherago ipintzea, eskatzen duen kolektiboaren arabera. Legea lege izango bada, hau guztiei aplikatu behar zaie, baldintza berdinetan eta beste asmo edo printzipio gubernatiboetara makurtu gabe.

Hori guztia dela eta, ELAk Espainiako gobernuari exigitzen dio behar besteko arduraz joka dezala legez kanpo dagoen ezker abertzaleak egin duen urratsa ikusirik, eta bidera dezala, berdintasunezko baldintzetan, esparru politiko honen parte hartze politikoa, areago kontutan izanik inoiz ez zitzaiokeela hauteskundeetan eta esparru instituzionalean egoteko eskubidea ukatu beharko.